254
Otoitza bideratzeko, gauza espiritualenak ere hezurmamitu ohi ditut -agian zuetako bati lagun diezaioke ere-. Jaunak prozedura hori erabiltzen zuen. Inguruko girotik ateratzen zituen parabolen bidez erakustea gustatzen zitzaion: artzaina eta ardiak, mahatsondoa eta aihenak, txalupak eta sareak, ereileak ahurka ereindako hazia.
Gure ariman Jainkoaren Hitza erori da. Nolako lur mota prestatu diogu? Harri asko ditu? Arantzez beteta dago? Agian giza ibilera hutsek, motzek eta kemen gabekoek gehiegi zapaldutako lekua ote da? Jauna, ona izan dadila nire lursaila, emankorra, eguzkiaren eta euriaren eraginpean eskuzabal dagoena; errotu dadila zure ereintza, galburu ederrak eman ditzala, gari ona.
Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak30. Heldu da iraila eta mahatsondoak kimu luze, mehe, malgu eta begitsuz beterik daude, fruituz gainezka, mahats bilketarako prest. Begira aihen horiei, leporaino beterik, enborraren izerdia hartzen baitute; horrela bakarrik bihurtu ahal izan dira jendearen bihotz-begiak pozez beteko dituen mami gozo eta helduak, hilabete batzuk lehenago puja nimiñoak ziren haiek31. Lurrean gelditzen dira, agian, bakarka, erdi lurperatuak, abar batzuk. Aihenak ziren ere horiek, baina ihartuak, zimelduak. Antzutasunaren irudi garbiena dira. Ni gabe ezin baituzue ezer egin32.
Altxorra. Pentsa ezazue aurkitzen duen zoriontsuaren neurrigabeko poza. Akabo estuasunak, larritasunak! Duen guztia saldu eta zelai hura erosten du. Bere bihotza taupadaka ari zaio han: ondasuna gordeta duen lekuan33. Gure altxorra Kristo da: Ez zaigu axola behar traba zaigun guztia kareletik botatzea, hari jarraitu ahal izateko. Eta txalupa, alferrikako zama hori gabe, zuzen-zuzen joango da Jainkoaren Maitasunaren portu segurura.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/254/ (2026-11-07)