252
Gainera, ohar zaitezte inork ez diola mimetismoari ihes egiten. Gizakiak, oharkabean bada ere, batak besteari imitatzeko irrikaz dabiltza etengabe. Eta guk, alde batera utziko dugu Jesus antzeratzeko deia? Pertsona bakoitza, pixkanaka, erakargarri zaionarekin berdintzen saiatzen da, bere izateko moduarentzat aukeratu duen ereduarekin. Bakoitzak bere amets irudia eraiki duen modura, hala izan ohi da bere jarduera. Gure Maisua Kristo da: Jainkoaren Semea, Hirutasun Santuaren Bigarren Pertsona. Kristo imitatuz, maitasun korronte horretan parte hartzeko aukera zoragarria iristen dugu, Jainko Bakar eta Hirukoitzaren misterioan.
Batzuetan, ez bazarete Jesu Kristoren urratsei jarraitzeko indartsu sentitzen, izan itzazue adiskidetasunezko hitzak lurralde honetan egon zen bitartean hurbiletik ezagutu zutenekin. Mariarekin lehenik, berak ekarri baitzuen guretzat. Apostoluekin: Greziar batzuk Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: Jesus ikusi nahi genuke. Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten27. Ez al da egia horrek animatzen gaituela? Kanpotar haiek ez dira ausartzen Maisuarengana aurkezten eta bitarteko on baten bila dabiltza.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/252/ (2026-11-07)