249
Ez daitezela falta gure egunean une batzuk Jainkoarekin harremanetan egoteko bereziki, gure pentsamendua Harengana goratuz, hitzak ezpainetara iristen ez badira ere, bihotzean abesten ari baitira. Eman diezaiogun behar besteko denbora jaierazko ariketa honi, ordu jakinean ahal bada. Sagrarioaren ondoan, Maitasunez gelditu zenari laguntzen. Eta beste erremediorik ez balego, beste edozein lekutan, gure Jainkoa ezin esanezko moduan baitago graziaz beteriko gure ariman. Baina ahal duzun guztietan otoiztegira joan zaitezen aholkatzen dizut. Apropos ez dut kapera deitzen, garbi azpimarratu nahiez ez dela zeremonia ofizial batean bezala egoteko leku bat, baizik eta geure baitan bildurik, intimitatean, burua zerura altxatzekoa, jakinez Jesu Kristok ikusten, entzuten eta itxaroten gaituela, eta Sagrarioan dagoela benetan gure buru, sakramentu gaietan ezkutatuta.
Zuetako bakoitzak, nahi izanez gero, nork bere bidea aurki dezake, Jainkoarekin hitz egiteko. Ez zait metodoez edo formulez hitz egitea gustatzen, inoiz ez bainaiz izan inori hesiak jartzeko lagun: Guztiak Jaunarengana hurbiltzera animatzen saiatu naiz, arima bakoitza den bezala errespetatuz, bere ezaugarriekin. Eska iezaiozue sar ditzala bere asmoak gure bizitzan, ez buruan bakarrik, baizik bihotzaren sakonean eta gure kanpoko egintza guztietan. Ziurtatzen dizuet horrela berekoikeriak dakartzan nahigabe eta atsekabe gehienak aurreztuko dituzuela eta kementsu sentituko zaretela ongia zabaltzeko zuen inguruan. Zenbat nahigabe aienatzen diren barnetik inoiz uzten ez gaituen gure Jainko horren ondo-ondoan jartzen garenean! Ñabardura desberdinekin, Jesusen Maitasuna beretarren alde, gaixo eta elbarrien alde, berritu egiten da eta galde egiten du: zer gertatzn zaizu? Zera… Eta berehala argia, edo behintzat onarpena eta bakea.
Maisuarekin bihotza zabaltzera gonbidatzen zaitudanean, zure zailtasun pertsonalez ari naiz bereziki, gure zoriontasunaren kontrako oztopo gehienak gehiago edo gutxiago ezkutuan dagoen harrokeriatik sortzen baitira. Izugarri balio dugula uste dugu, aparteko nolakotasunez beterik, eta noizbait besteek hori uste ez badute, beheratuak sentitzen gara. Aukera ona dugu orduan otoitzera joan eta zuzentzeko, ziur izanik inoiz ez dela berandu ibilbidea aldatzeko. Baina komenigarria da norabide aldaketa hori lehenbailehen hastea.
Otoitzean harrokeria, grazia lagun, umiltasun bihur daiteke. Eta egiazko poza sortzen da ariman, oraindik hegaletan lokatza sentitzen badugu ere, lehortzen ari den gure ezerezaren lohia. Gero, hilduraren bidez, lohi hori eroriko da eta gorantz hegan egin ahal izango dugu, Jainkoaren errukiaren haizea mesedegarri izango zaigu eta.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/249/ (2026-11-07)