247

Batzuentzat hau guztia ezaguna izango da, beste batzuentzat berria: guztiontzat neketsua. Baina nik, arnasa geratzen zaidan bitartean, etengabe predikatuko dut otoitz arima izateko behar nagusia, beti! Edozein unetan eta egoera desberdinenetan, Jainkoak ez baikaitu inoiz uzten. Ez da kristau jarrera Jainkoaren adiskidetasuna azken-azkeneko baliabidea bakarrik dela pentsatzea. Normala iruditzen ote zaigu maite ditugun pertsonak ahaztea edo gaitzestea? Jakina ezetz. Maite ditugunei gure hitzak, gure nahiak, gure pentsmenduak zuzentzen dizkiegu: etengabeko presentzia bat bezala dago. Horrela, ba, Jainkoarekin.

Jauna horrela bilatuz, gure egun osoa hizketaldi bakar bat bihurtzen da, hizketaldi min eta konfiantzazkoa. Hainbestetan esana eta idatzia dut hau, baina ez zait axola berriro esatea, Jaunak erakusten baitigu –bere ereduaren bitartez– hori dela jarrera zuzena: otoitz etengabea goizetik gauera eta gauetik goizera. Dena erraz ateratzen denean: Eskerrak, ene Jainkoa! Une zailen bat iristen denean: Jauna, ez nazazu utzi! Eta Jainko gozo eta bihotz apal horrek21 ez ditu gure eskaerak ahaztuko, ez da axolagabe geratuko, Berak esan baitu: Eskatu eta emango zaizue; bilatu et aurkituko duzue; jo atea eta zabalduko zaizue22.

Saia gaitezen, beraz, goi mailako ikuspegia ez galtzen, gertaera bakoitzaren atzean Jainkoa ikusiz: atseginaren eta desatseginaren aurrean, kontsolagarri denaren aurrean… eta maite dugun pertsona baten heriotzak dakarren atsekabearen aurrean. Beste edozein gauzen aurretik, zure Aita Jainkoarekin hitz egin, Jauna gure arimaren barruan bilatuz. Ez da hau huskeriatzat har daitekeen gauza, garrantzi eskasekotzat: etengabeko barne bizitzaren seinale garbia da, egiazko maitasun elkarrizketarena. Jarduera horrek ez digu deformazio psikologikorik sortuko, zeren, kristau batentzat, bihotz taupadak bezain gauza naturala izan behar baitu.

Oharrak
21

Mt XI, 29.

22

Lk XI, 9.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean