257

Legamia eta orea

Guk Jaunari jarraitu nahi diogu, eta bere Hitza zabaldu nahi dugu. Gizalegez ikusita, normala da geure buruari galdera hau egitea: baina, zer gara gu, hainbeste jenderentzat? Lurreko biztanle kopuruarekin alderatuta, milioiak izango bagina ere, gutxi gara. Horregatik, munduko gizaki guztiei on egiteko prest dagoen legami puska txiki bat balitz bezala ikusi behar dugu geure burua, Apostoluaren hitzak gogoratuz: legami pixka batek ore guztia altxatzen du6, antzaldatzen du. Legami hori izaten ikasi behar dugu, altxagarri hori, jende multzoak eraldatzeko.

Hobea al da, ba, berez, legamia orea baino? Ez. Baina legamia baliabidea da, orea ondu eta janari on eta osasungarri bihur dadin.

Gogoratu, gaingiroki bada ere, legamiaren eragina, ogia, oinarrizko janari arrunta, denon eskueran dagoena, egiteko balio duena. Leku askotan –agian ikusia duzue– labekada prestatzea benetako zeremonia bihurtzen da, janari zoragarri, gozo, begietatik sartzen dena lortzen duena.

Irin ona aukeratzen dute; klase onenekoa ahal bada. Oramahaian lantzen dute orea, legamiarekin ongi nahasteko, pazientzia handiko lan luze baten bidez. Gero, atsedenaldi bat, behar-beharrezkoa legamiak bere eginkizuna bete dezan, orea harrotuz.

Bitartean, labeko sua garretan dago, suntsitzen ari den egurrak bizkortuta. Eta oreak, sutondoan sartuta, ogi samur, harro, guztiz ona ematen du. Legamia urtu eta beste osagaien artean galtzen da inork igarri gabeko lan ederra egin ondoren. Legamia puska txiki hori gabe, ezingo zen inolaz ere halako emaitzarik lortu.

Oharrak
6

1 Ko, V, 6.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean