262
Errepikatuko dira mirariak
Gu ere, egunero borrokatzen bagara santutasuna bilatuz, bakoitza bere bizi egoeran eta bere lanean eguneroko bizitzan, munduaren barruan, Jaunak mirariak egiteko tresna egoki bihurtuko gaituela esatera ausartzen naiz, eta behar balitz, handienetakoak. Argia emango diegu itsuei. Nork ez lituzke mila adibide kontatuko: ia jaiotzetik itsu den batek nola berreskuratzen duen ikusmena, Kristoren argiaren distira guztia nola jasotzen duen? Beste bat gorra zen, eta bestea mutu, ezin zuten Jainko seme bezala hitzik entzun ezta ahoskatu… Eta beren zentzumenak garbitu dira, eta gizaki gisa, ez animalien moduan, entzun eta mintzatzen dira. In nomine Iesu17, Jesusen izenean Apostoluek elbarri hari, probetxuzko ekintzarik ezin egin zuenari, mugitzeko gaitasuna ematen diote; eta beste alfer hari, bere eginbeharrak ezagutu bai baina betetzen ez zituenari… Jaunaren izenean, surge et ambula!18, jaiki eta ibili.
Beste hark, hila, usteldua, hilotz kiratsa zerion hark, Jainkoaren ahotsa entzun du, Naimeko alargunaren semearen mirarian bezala: Gazte, zuri diotsut, jaiki19. Kristok bezala, Apostoluek bezala, mirariak egingo ditugu. Agian, zure baitan edo nigan gertatu dira gauza zoragarri horiek: agian itsu, gor edo elbarrituak geunden edo hilotz kiratsa genuen eta Jaunaren hitzak gure makalalditik altxatu gaitu. Kristo maite badugu, benetan jarraitzen badiogu, Bera bakarrik bilatzen badugu eta ez geure burua, bere izenean igorriko diegu besteei doan, guri doan eman zaiguna.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/262/ (2026-11-09)