267

Arimak Jainkoarenak dira

Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora31. Berehala Jaunaren oinetan jartzen dute arrantzua, berea baita. Arimak Jainkoarenak direla jakin dezagun, inork ezin duela mundu honetan arimen jabetza berea dela uste; Elizaren apostolutza –iragarpena eta salbamen egintza– ez direla pertsona batzuen ospean oinarritzen, Jainkoaren grazian baizik.

Jesu Kristok hiru aldiz galde egiten dio Pedrori, bere ukapen hirukoitza ordaintzeko beste hiru aldizko aukera eman nahiko balio bezala. Pedrok ikasia du dagoeneko, bere ahulezian eskarmentua hartu du: bere ahultasuna ezagutzen duelarik, badaki lekuz kanpo daudela handipuzkeria ausart haiek. Horregatik dena Kristoren eskuetan jartzen du. Jauna, badakizu maite zaitudala. Jauna, zuk dena dakizu, badakizu maite zaitudala32. Eta zer erantzuten du Kristok? Zaindu itzazu nire arkumeak, zaindu nire ardiak33. Ez zureak, ez zuenak: nireak! Berak sortu baitu gizakia. Berak berrerosi. Berak erosi du arima bakoitza, banan-banan, bere Odolaren –berriz diot– prezioan.

Donatistek, V. mendean katolikoen aurka erasoak antolatzen zituztenean, Hiponako gotzainak, Agustinek, ezin zezakeela egia sinetsi aldarrikatzen zuten, bekatari handia izan zelako. Eta Agustinek, fedean bere senide zirenei esaten zien nola erantzun behar zuten: Agustin Eliza Katolikoan apezpiku da; berak bere zama darama eta zama horretaz Jainkoari kontu eman behar dio. Zintzoen artean ezagutu nuen. Gaiztoa bada, berak daki; ona izanda ere, ez dut nire itxaropena berarengan jarri. Eliza Katolikoan ikasi dudan lehenengo gauza gizaki batengan itxaropena ez jartzea baita34 .

Ez dugu gure apostolutza egiten. Horrela balitz, zer esan genezake? Kristoren apostolutza – Jainkoak nahi duelako, horrela agindu baitigu: zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berriona35 – egiten dugu. Akatsak gureak dira; fruituak, Jaunarenak.

Oharrak
31

Jn XXI, 8.

32

Jn XXI, 15-17.

33

Jn XXI, 15-17.

34

S. Agustin, Enarrationes in Psalmos XXXVII, III, 20 (PL 36, 395).

35

Mk XVI, 15.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean