57

Lana, Jainko boterearen partaidetza

Egina izan zenetik –ez da nik asmatua– lan egin behar izan du gizakiak. Aski da Biblia Santua zabaltzea eta lehenengo orrialdetan irakurtzen dugu –bekatua gizadian sartu aurretik eta, irain horren ondorioz, heriotza, nekeak eta ahulkeriak5–, Jainkoak lurreko lokatzaz eratu zuela Adan eta harentzat eta haren ondorengoentzat mundu hain eder hau sortu zuela, ut operaretur et custodiret illum6 landu eta zaindu zezan.

Ziur egon behar dugu, beraz, gauza ederra dela lana, ezinbesteko lege gisa guztioi ezarria izan zaiguna, eta denok, era batez edo bestez, haren mende gaudela, nahiz eta batzuek salbuetsiak izan nahi badute. Ongi ikas ezazue: eginbehar hori ez da jatorrizko bekatuaren ondorio bezala sortu; ez da ere gaur egungo aurkikuntza soilik. Jainkoak hemen, lurrean, gure esku uzten duen beharrezko baliabide bat da, gure bizi egunak luzatuz eta gu bere ahalmen kreatzailearen partaide bihurtuz, horrela gure janaria irabazi eta aldi berean betiko bizirako fruituak7 jaso ditzagun: gizakia lan egiteko jaio da, nola hegaztiak hegan ibiltzeko8.

Mende asko igaro direla esango didazue eta gutxi direla horrela pentsatzen dutenak; agian, bestelako arrazoiengatik ahalegintzen dela jende gehiena: batzuk, diruagatik; beste batzuk, familia mantentzeagatik; beste batzuk, gizartean nolabaiteko mailara iristeagatik, beren gaitasunak garatzeagatik, beren grina okerrak asetzeagatik edo gizartearen aurrerapenean parte hartzeagatik. Eta, oro har, ezin saihetsi duten beharrari bezala aurre egiten diete beren zereginei.

Ikuspegi motz, berekoi, ziztrin horren aurrean, zuk eta nik gogoratu behar dugu, eta besteei gogorarazi ere, Jainko seme-alabak garela eta ebanjelioko parabolaren pertsona haiei bezala gure Aitak dei hura bera zuzendu digula: seme, hoa mahastira lanera9. Egunero ahalegintzen bagara gure betebeharrak ikuspuntu honetatik ikusten, Jainkoaren eskaera bezala, ziur esaten dizuet gure eginkizuna ahalik eta ondoen burutzen ikasiko dugula bai giza aldetik bai naturaz gaindiko aldetik. Noizbait, agian, bihurritu egingo gara –seme zaharra bezala, ez dut nahi10 erantzunez–, baina, damututa, asmoz aldatu eta are gehiago saiatuko gara gure eginbeharrak betetzen.

Oharrak
5

Ik. Erm V, 12

6

Has II, 15.

7

Jn IV, 36.

8

Jb V, 7.

9

Mt XXI, 28

10

Mt XXI, 29.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean