65
Gogoan dut ere Burgosen egon nintzen denboraldia, garai hartan bertan. Asko ziren hara hurbiltzen zirenak egun batzuk pasatzera nirekin, baimen aldietan, inguruetako kuarteletan bereizirik zeuden beste batzuez gain. Etxebizitza gisa, nire seme gutxi batzuekin, hotel zarpail bateko gela bera partekatzen nuen, eta behar-beharrezkoena falta bazitzaigun ere, nolabait konpontzen ginen etortzen zirenei –ehunka ziren!– atseden hartu eta indarberritzeko behar zutena falta ez zekien.
Banuen Arlanzon ibaiaren ertzetik paseatzera irteteko ohitura, beraiekin hizketan ari nintzela, beren konfidentziak entzuten nituen bitartean eta barne-bizitzako bide berriak irekiko edo sendotuko zien aholku egokiren bat bilatzen saiatzen nintzen bitartean, eta beti, Jainkoa lagun, beren kristau jardueran adoretu, bultzatu eta pizten nituen. Batzuetan, gure ibilaldiak Las Huelgas monasterioraino iristen ziren eta beste batzuetan, katedralera ihes egiten genuen.
Atsegin zitzaidan dorre batera igotzea, gailurreria hurbiletik ikus zezaten, benetako harrizko parpaila hura, pazientzia handiko lan neketsu baten fruitu. Hizketaldi haietan ohartarazten nien lan zoragarri hura ez zela behetik ikusten. Eta askotan azaldu niena gauzatuta ikus zezaten, hau esaten nien: hauxe da Jainko lana, Jainkoaren egintza!: Norberaren lana guztiz ongi bukatzea, edertasunez, harrizko parpaila fin hauen apaintasunez. Eta begietatik sartzen zen errealitate horren aurrean, hura guztia otoitz zela ulertzen zuten, elkarrizketa gozo bat Jainkoarekin. Lan hartan beren indarra xahutu zutenek jakin ere bazekiten ongi hiriko kaleetatik inor ez zela beren ahaleginaz ohartuko: Jainkoarentzat bakarrik zen. Ulertzen al duzu orain nola hurbil dezakeen Jaunarengana lanbiderako deiak? Egizu zuk hargin haiek bezala, eta zure lana operatio Dei izango da ere, jainkozko barru eta azal dituen giza lana.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/65/ (2026-11-07)