60

Barka iezadazue digresio hau eta, gure gaitik aldendu ez bagara ere, itzul gaitezen hari gidarira. Lanerako deia, ongi jabetu zaitezte, gure kristau izaeraren funtsezko zati bat da, ezin bereizi dena. Jaunak zaudeten lekuan nahi zaituzte santu, edozein arrazoirengatik aukeratu duzuen lanbidean: niri denak onak, nobleak iruditzen zaizkit –Jainkoaren legearen aurka ez dauden bitartean– eta naturaz gaindiko mailara jasoak izateko gai, hots, Jainko seme-alaben bizitza finkatzen duen Maitasun indar horretan txertatuak.

Ezin dut urduritasun apur bat alde batera utzi, norbaitek, bere lanaz hitz egitean, biktima aurpegia jartzen duenean: ez dakit zenbat ordu xurgatzen dizkiola egunean, eta, egia esanda, ez du bere lankide askok burutzen duten lanaren erdia ere betetzen, haiek agian irizpide berekoiengatik edo behintzat giza irizpideengatik bakarrik mugitzen baitira. Hemen, Jesusekin elkarrizketa pertsonal batean gauden guztiok, lan jakin bat egiten dugu: mediku, abokatu, ekonomista… Gogora itzazue une batez zuen lankideak, beren lana ospez, zintzo eta besteen zerbitzuan betetzen dutelako nabarmentzen direnak: ez al diote ordu ugari ematen egunean –baita gauean ere– lan horri? Ez al dugu zer ikasi haiengandik?

Hitz egiten ari naizen bitartean neronek ere nire jarduera aztertzen dut, eta aitortzen dizuet, galdera hau nire buruari egitean, lotsa pixka bat sentitzen dudala eta berehala Jainkoari barkamena eskatzeko gogoa, nire erantzuna hain ahula baita, eta Jainkoak guri munduan emandako misiotik hain urruti baitago. Kristok –idazten du Elizako Guraso batek– lanparen modukoak izateko utzi gaitu; besteen maisu bihur gaitezen; legamiak bezala egin dezagun; aingeru gisa gizakien artean bizi gaitezen, helduak bezala haurren artean, espiritualak arrazoidun soilik direnen artean; hazi izan gaitezen; fruitu ekar dezagun. Ez genuke ahoa ireki behar izango, gure bizia hain distiratsu izango balitz. Hitzak soberan egongo lirateke, obrak azalduko bagenitu. Ez zen fedegaberik izango gu egiazko kristau bagina12.

Oharrak
12

S. Joan Krisostomo, In Epistolam I ad Timotheum homiliae, X, 3 (PG 62, 551).

Puntu hau beste hizkuntza batean