67
Possumus!20. Borroka hau ere garaitu dezakegu Jaunaren laguntzarekin. Konbentzitu zaitezte ez dela zaila lana otoitz-elkarrizketa bihurtzea. Eskaini ondoren, lanean hasi bezain laster, Jainkoa entzuten dago, gu adoretuz. Arima kontenplatzaileen estiloa iristen dugu, eguneroko lanaren erdian! Bera guri begira dagoelako ziurtasunak betetzen baikaitu, eta bide batez, buru ukamen berri bat eskatzen digu: sakrifizio txiki hori, irribarre bat pertsona desegoki horren aurrean, atsegin ez zaigun baina presa gehiago duen eginkizun horretatik hastea, gauza txikietan ordena zaintzea, iraunkortasunez eginbeharra betetzea bertan behera uztea hain erraza izanda, gaur bukatu behar duguna biharko ez uztea. Dena Berari, gure Aita Jainkoari gustua ematearren! Eta agian, zure mahai gainean, edo nabari ez den leku batean, inori deigarri gerta ez dakion, baina zure espiritu kontenplatzailea esnarazteko balio duen moduan, ipini ezazu gurutze santua, hura baita zure arima eta zure adimenarentzat zerbitzu espiritua erakusten dizun eskuliburua.
Kontenplazio bide hauetan sartzera erabakitzen bazara –bitxikeriarik gabe, mundua alde batera utzi gabe, zure eginkizun arrunten artean–, berehala Maisuaren adiskide sentituko zara, jainkozko bidezidorrak gizadi osoari irekitzeko enkargu jainkotiarrarekin. Bai, zure lan horren bidez, Kristoren erreinua kontinente guztietara zabaltzen lortuko duzu. Eta bata bestearen atzetik etorriko dira federa jaiotzen diren urrutiko nazioengatik eskainitako lan orduak, beren sinesmena askatasunez aitortzea indarkeriaz debekatua duten sortaldeko herriengatik, Ebanjelioaren argia itzalita dagoela eta arimak ezjakinaren ilunpean dabiltzala diruditen kristau tradizio zaharreko herriengatik… Orduan, nolako balioa hartzen duen lan ordu horrek!, ahalegin berarekin jarraitzea beste alditxo batez, minutu batzuk gehiago, eginkizuna bukatu arte. Modu praktiko eta erraz baten bidez kontenplazioa apostolutza bihurtzen duzu, bihotzaren premia larri bat bezala, Jesus gure Jaunaren Bihotz txit maitagarri eta errukiorrarekin batera taupadaka ari dena.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/67/ (2026-11-07)