71
Helburu hau iristeko, Maitasunak eraginda portatu behar gara, inoiz ere zigorraren edo madarikazioaren zamapean dagoena bezala: egiten duzuen guztia, hitzez nahiz egitez, egizue dena Jesu Kristo Gure Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez26. Eta horrela gure eginbeharra guztiz ongi amaituko dugu, denbora ongi betez, Jainkoaz maitemindutako tresnak izango baikara, Jaunak gure sorbaldaren gainean jartzen duen erantzukizun eta konfiantza guztiaz ohartuta gaudenak, geurez ahulak izanik ere. Zure egite guztietan Maitasunez bakarrik ari denaren modura jokatu behar duzu, Jainkoaren indarra baituzu zurekin.
Baina ez ditzagun begiak itxi errealitatearen aurrean, azaleko ikuspegi xalo batekin konformatuz, bide erraz batek itxaroten digula eta hari jarraitzeko Jainkoa zerbitzatzeko egiazko asmoa eta gogo bizia aski direla pentsatzera eramaten gaituena. Ez dudarik izan. Urteak igaro ahala, bereziki kostako zaizkigun egoerak azalduko dira, –guk uste baino lehenago, agian–, norberari uko egiteko gogo bizia eta bere buruaz ahazteko gogo biziagoa eskatzen dutenak. Susta ezazu orduan zugan itxaropen bertutea eta zuregana ezazu, ausarki, Apostoluaren oihua: nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean27; hausnar ezazu, segurtasunez eta bakean: nolakoa izango da Jainkoaren Maitasun amaigabea izaki gaixo honen gainean isuria! Heldu da garaia, zure eguneroko eginkizunen erdian, fedea lantzeko, itxaropena ernatzeko eta maitasuna pizteko ordua; hots, hiru bertute teologalak bizkortzekoa, horiek eramaten baikaituzte gure langintzan eta gure barne-bizitzan ditugun nahasteak, engainutan eta itzulingurutan ari gabe, berehala baztertzera.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/71/ (2026-11-07)