72
Beraz, senide maiteok –berriro San Pauloren ahotsa–, ez aldatu asmoz eta iraun sendo, egunetik egunera Jaunaren lanean gero eta gogotsuago jardunez, jakinik Jaunak ez duela zuen nekea saririk gabe utziko28. Ikusten? Bertute sare oso bat jartzen da jokoan gure lanbidean jarduten garenean, hura santutzeko asmoz: sendotasuna, gure lanean irauteko, berezko zailtasunak gorabehera, eta estutasunak jan gaitzan utzi gabe; neurritasuna, garen guztia emateko eta erosotasuna eta berekoikeria gainditzeko; justizia, Jainko, gizarte, familia eta kideekiko betebeharrak betetzeko; zuhurtasuna, kasu bakoitzean zer komeni den egitea jakiteko eta atzerapenik gabe hari ekiteko… Eta dena, berriro diot, Maitasunagatik, gogoan bizi-bizi sentitzen dugularik gure lanaren eta haren irispide apostolikoaren fruituaren erantzukizuna.
Egintzak dira maitasun, ez hitz ederrak, dio atsotitzak eta uste dut ez dela beste ezer gehitu behar.
Jauna, emaguzu zure grazia. Ireki iezaguzu Nazareteko lantegiaren atea, Zuri begira egoten ikas dezagun, zure Ama Maria Santuarekin eta Jose Patriarka Santuarekin –honenbeste maite eta gurtzen dut hau–, hirurak lan bizitza santu batera emanak. Gure bihotz gaixoak hunkituta geldituko dira; bilatuko zaitugu eta eguneroko lanean aurkituko, Zuk Jainko egintza, Maitasun egintza, bihur dezagun nahi izan baituzu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/72/ (2026-11-07)