64
Lana otoitz bihurtu
Maiz esan ohi dut, sagrariotik ikusi eta entzuten digun Jesusekin ditugun solasaldi horietan, ezin dugula nortasunik gabeko otoitza egin behar. Eta esan ohi dut ere, gure gogoetan Jaunarekin elkarrizketa berehala sor dadin –ez dago hitz zarataren beharrik–, anonimatua alde batera utzi behar dugula, garen bezala bere aurrean jarri, eliza betetzen duen jendetzaren artean ezkutatu gabe, eta bihotzetik sortzen ez den baizik, gehienez, mamirik gabeko ohitura batetik datorren berritsukerian desagertu gabe.
Ba, orain eransten dut, zure lanak ere otoitz pertsonala izan behar duela, Zeruetako gure Aitarekin duzun elkarrizketa eder bat bihurtu behar duela. Santutasuna zure lanbidean eta haren bitartez bilatzen baduzu, ezinbestez ahalegindu beharko zara anonimatorik gabeko otoitz bihur dadin. Zure ahalegin horiek ere ez dute ohikeriaz edo nortasunik gabe egindako lanaren ilunpe motelean erori behar, une horretan bertan galduko baitzen zure eguneroko lanari adore ematen dion jainkozko pizgarria.
Burura datozkit orain, Espainiako gerra zibilaren denboran, borroka fronteetara egin nituen bidaiak. Giza baliabiderik gabe, nire apaiz lanaren beharrean zegoen edonor aurkitzen zen lekura hurbiltzen nintzen. Agian askori beren utzikeria eta zabarkeria zuritzeko aitzakia ematen zieten halako egoera berezietan, ez nintzen aholku aszetiko bat ematera mugatzen bakarrik. Orain sentitzen dudan eta Jaunak zuetako bakoitzarengan pitz dezala saiatzen naizen ardura berarekin nenbilen orduan: haien arimen onuraz arduratzen nintzen eta baita alai bizi zitezen hemen, lurrean; denbora ongi erabiltzera bultzatzen nien, zeregin onuragarrietan; gerra ez zedin parentesi hertsi bat izan haien bizitzan; ez zitezela utzikerian erori eskatzen nien, ahal zutena egin zezatela trintxera eta garita ez zitezen orduko trenbide geltokietako itxarongela modukoak bihurtu, jendeak denbora-pasa ari zen lekua, inoiz iritsiko ez zirela ziruditen tren haien esperoan…
Probetxuzko zereginen bat izan zezatela esaten nien, soldadutzako zerbitzuarekin bateragarria den bat –hizkuntzak ikastea, adibidez–; eta Jainkozale izan zitezela aholkatzen nien, beren jarduera guztia operatio Dei, Jainkoaren lan bihurtzen ahaleginduz: eta egoera hartan, batere erraza ez izanda ere, mutil haiek zein ederki erantzuten zuten ikusteak bihotza erdiratzen zidan: nabaria zen haien barne-sendotasuna.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/64/ (2026-11-07)