66
Jainkoa nonahi dagoela jakinez, Jauna goretsiz lantzen ditugu soroak, eta haren errukia goraipatuz zeharkatzen ditugu itsasoak eta beste lanbide guztietan jarduten gara18. Horrela une oro Jainkoarekin bat eginik gaude. Isolaturik egonda ere, zuen ohiko girotik kanpo –trintxerako mutil haiek bezala–, Jaunagan murgilduta biziko zarete, zuetako bakoitzaren etenik gabeko lan neketsu horren bidez; lan hori zuek otoitz bihurtuko duzue, Jainko Aitaren, Jainko Semearen eta Jainko Espiritu Santuaren aurrean hasi eta amaituko duzuelako.
Ez ahaztu, baina, gizakien aurrean zaudetela ere, eta kristau argibide izatea espero dutela zuengandik –zugandik!–. Horregatik, lanbidean, giza mailan, zintzo lan egin behar dugu: ezagutzen eta maite gaituenak ikusten bagaitu, ez lotsatu behar izateko moduan, eta berari ere lotsatzeko arrazoirik eman gabe. Agertzen saiatzen ari natzaizuen espiritu honetaz jarduten bazarete, ez duzue zuengan bere uste ona jarri duenik lotsatuko, eta zuek ez zarete lotsaz gorrituko; eta ez zaizue gertatuko ere, dorre bat eraikitzea erabaki zuen parabolako gizon hari bezala: oinarriak jarri eta gero, bukatu ezinean ikusten zutenek barre egiten zioten esanez; hona hemen, etxegintzan hasi, eta bukatu ezinik gelditu zen gizona19.
Benetan diotsuet: naturaz gaindiko ikusmira galtzen ez badidazue, zuen egintza amaituko duzue, zuen katedrala burutuko, azken harria jarri arte.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/66/ (2026-11-07)