59
Ohartarazten dizuet, eta ez dago harrokeriarik nire aldetik, berehala konturatzen naizela nire hizketa hau ez denean kontuan hartzen edo entzuten didanaren gainetik irristatzen den. Utzidazue nire bihotza zabaltzen, Jainkoari eskerrak ematen lagundu diezadazuen. 1928an Jaunak nigandik nahi zuena ikusi nuenean, segituan hasi nintzen lanean. Urte haietan –eskerrak, ene Jainko, asko jasan eta asko maitatu behar izan zelako!– erotzat hartu ninduten; beste batzuek, beren onginahi bikainena erakutsiz, ameslari deitzen ninduten, baina ezinezko ametsen ameslari. Hala eta guztiz ere, eta nire ezereza ere kontuan hartuta, bihozgabetu gabe jarraitu nuen; zailtasunen artean bidea zabalduz joan zen, hura ez baitzen nirea, eta gaur mundu osoan polo batetik bestera zabalduta dagoen errealitatea da, gehienei hain naturala iruditzen zaiena, Jaunak berea den gauza bezala aitortua izan dadila nahi izan baitu.
Esaten nizuen, pertsona batekin hitz pare bat gurutzatu orduko, konturatzen naizela ulertzen didan ala ez. Ez zait niri oilo lokari bezala gertatzen, arrautza multzoa estaltzen ari dela kanpoko esku batek ahate arrautza bat sartzen dionean. Egunak pasa ondoren eta txitak arrautza oskola hautsi eta artile mordo hura korrika dabilela ikustean bakarrik ohartzen da, haren ibilera traketsagatik –zango bat hemen bestea han–, ez dela berea; inoiz ez duela txioka ikasiko, ahaleginak eginda ere. Inoiz ez diot tratu txarrik eman bizkarra eman didan inori, ezta lotsagabekeriaz ordaindu badit ere berari laguntzeko nuen gogoa. Horregatik, 1939. urtearen inguruan, deigarria gertatu zitzaidan unibertsitateko ikasle batzuei erretiro egun batzuk ematen ari nintzen eraikin batean aurkitu nuen errotulu bat. Horrela zioen: ibiltari bakoitzak bere bidea segi beza; baliagarria zen aholku hura.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/59/ (2026-11-07)