62
Borroka ezazue bakoitzak bere buruarekin izan ohi duen gehiegizko bigunkeriaren aurka. Izan zaitezte zorrotz zeuen buruarekin! Batzuetan gehiegi begiratzen diogu osasunari; edo atsedenari; ez da atsedenik falta behar, hain zuzen ere, beharrezkoa baita indarberrituta itzultzeko lanera. Baina atsedenaldi hori –hainbeste urte pasa dira hori idatzi nuela– ez da ezer ez egitea: neke gutxiago eskatzen duten zereginetan aritzea baizik.
Beste batzuetan, aitzaki faltsuak bilatuz, oso patxada zaleak gara, gure gain daukagun erantzukizun bedeinkatuaz ahazten gara, eginbeharrak ozta-ozta betetzearekin aski izaten dugu, zentzugabezko arrazoiek bultzatzen gaituzte nagikerian egoteko, Satanas eta bere lagunek oporraldirik hartzen ez duten bitartean. Entzun arretaz eta gogora ezazu San Paulok idazten ziena lanbidez morroi ziren kristauei: beren nagusien esanera egotera bultzatzen zien, ez haien begiradapean zaudetenean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, Jainkoaren nahia gogoz betetzen duten Kristoren morroi bezala baizik. Bete ezazue gogo onez zuen zerbitzua, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat14. Bai aholku ona, zuk eta nik jarrai diezaiogun!
Eska diezaiogun Jesu Kristo Gure Jaunari argitu eta lagundu dakigula une bakoitzean jainkozko zentzu hori ikusten asma dezagun; horrek gure bokazio profesionala, gure santutasunerako deia oinarritzen den eta jira egiten duen ardatz bihurtzen baitu. Ebanjelioan ikusiko duzue Jesus faber, filius Mariae15 bezala ezaguna zela, langilea, Mariaren semea: guk ere, harrotasun santuz, egintzen bitartez frogatu behar dugu, langileak garela!, laneko gizon eta emakume!
Jainkoak bidaliak bezala beti jardun behar garenez gero, gogoan izan dezagun ez dugula Jainkoa ongi zerbitzatzen gure eginkizuna bertan behera uzten dugunean; ez ditugunean, besteekin batera ahaleginduz eta geure buruari uko eginez, gure profesioko eginbeharrak betetzen; nagi, funsgabe, kaskarin, eragabe, alfer, gauzaez… deitu ahal badigute. Izan ere, itxuraz garrantzi txikiagoko eginbehar horiek zaintzen ez dituena, nekez irtengo da garaile barne bizitzako beste batzuetan, nekezagoak baitira. Gauza txikietan leiala dena, handian ere leiala da, eta gauza txikietan zintzoa ez dena, handian ere ez16.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/62/ (2026-11-07)