69
Hala ere, gerta ohi da ere, batzuek –onak dira, onberak– gure fedearen ideal ederra zabaltzeko asmoa dutela dioten bitartean, eguneroko lanean, arinki, ardura gabe jarduten konformatzen direla: txoriburu hutsak dirudite. Ahoz kristau diren halakoekin topo egiten badugu, xamurki eta argi hitz eginez lagundu behar diegu; eta beharrez gero, ebanjelioko erremedio hura erabili, anaiarteko zentzarazpena: inor gaizki egiten aurkituko bazenute ere, zentza ezazue horrelakoa samurkiro; bakoitzak bere buruari begira diezaiola, zu zeu ere tentaldian aurki baitzintezke. Eraman itzazue elkarren artean zuen zamak eta horrela beteko duzue Kristoren legea22. Eta haien kristau aitortzaz gainera beste arrazoien batzuk biltzen badira: adin, esperientzia edo erantzukizun handiagoa, orduan, are eta arrazoi handiago dugu hitz egiteko; haien erantzuna bilatu behar dugu, pisu handiagokoak izan daitezen beren laneko bizitzan; aita on, maisu bezala, lotsarazi gabe, bideratu behar ditugu.
San Pauloren jarduera poliki gogoratzeak asko eragiten digu: ongi aski dakizue nola jokatu behar duzuen gure ereduari jarraitzeko: ez ginen zuen artean zabarkerian bizi izan, ez genuen inoren kontura jan geure ogia; aitzitik, gau eta egun lanean nekatu ginen zuetako inorentzat zama ez izateko… beraz, zuekin egon ginenean, arau hau eman genizuen: lanik egin nahi ez duenak, ez dezala jan23.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/69/ (2026-11-07)