70

Jainkoarenganako maitasunagatik, arimenganako maitasunagatik eta gure kristau deiari erantzun egokia emateagatik, eredu eman behar dugu. Gaizpiderik ez emateko, Jainkoaren seme-alabak txepelak direlako edo balio ez dutelako susmo txikienik ere inork izan ez dezan, inorentzat galbide ez izateko…, zuek, zuen jardueraren bidez, behar den neurria ematen saiatu behar zarete, erantzukizuneko gizonaren jarrera ona. Lurra lantzen duen aldi berean, bihotza Jainkoarengana etengabe altxatzen duen nekazaria, nahiz zurgina, arotza, bulegaria edo intelektuala –kristau guztiak– eredu izan behar dira beren kideentzat, harrokeriarik gabe, garbi baitago gure arimen barruan Bera kontutan hartzen badugu bakarrik iritsiko garela garaipena lortzera: guk, bakarrik, ezin dugu ezta ahotz izpi bat lurretik altxa24. Beraz, bakoitza bere lanean, gizartean daukan lekuan, Jainkoaren lan bat egiteko premia sentitu behar du, Jaunaren bakea eta poza nonahi ereingo duena. Kristau bikainak baretasuna eta poza daramatza beti berekin. Baretasuna, beti Jainkoaren aurrean sentitzen delako; poza, bere burua Haren dohainez inguratuta ikusten duelako. Halako kristaua erregezko pertsonaia da benetan, Jainkoaren apaiz santua25.

Oharrak
24

Ik. Jn XV, 5.

25

Klemente Alexandriakoa, Stromata, VII, VII (PG 9, 451)

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean