55

Hasi, asko hasten dira; amaitu, gutxik amaitzen dute, eta gutxi horien artean egon behar dugu Jainko seme-alaba bezala jokatzen saiatzen garenok. Ez ahaztu: Maitasunez bukatutako lanak bakarrik, ongi burutzen direnak, merezi dute Eskritura Santuan irakurtzen den Jaunaren txalo hura: hobea lanaren bukaera hasiera baino1.

Entzungo zenidaten, noski, pasadizo hau beste hizketaldiren batean; halere, berriz gogorarazi nahi dizuet oso erakusgarria eta animagarria baita. Behin batean Erromatar Erritu-liburuan bilatzen ari nintzen bedeinkapen formula bat: eraikin baten azken harriarena; harri garrantzitsuena, urte askotan zehar jende askok egin duen lan gogor eta iraunkorra sinbolo gisa jasotzen baitu. Harrituta geratu nintzen halakorik ez zegoela ikustean; benedictio ad omnia, bedeinkapen orokorrarekin konformatu behar ginen. Benetan, ezin sinetsi nuen hutsune hura eman zitekeenik, eta poliki-poliki Erritu-liburuaren aurkibidea aztertzen ibili nintzen berriro; alferrik ordea.

Kristau asko ez daude benetan jabetuak Jaunak bere seme-alabei eskatzen dien Bizi osotasunak bakoitzari bere zereginak arreta handiz betetzea eskatzen diola, eta xehetasun txikienetaraino jaitsiz santutu behar dituela.

Ezin diogu eskaini Jaunari, gure giza ahultasunen mugen barruan noski, bikain, akatsik gabea, xehetasun ñimiñoenetan ere arreta handiz egina ez den zerbait. Jainkoak ez ditu lardaskeriak onartzen. Ez aurkeztu ezer akastunik, ohartarazten digu Eskritura Santuak, ez litzateke eta egoki Jaunarentzat2. Horregatik, bakoitzaren lana, gure egunak eta indarrak betetzen dituen eginkizun hori, opari duin izan behar da Egilearentzat, operatio Dei, Jainko lana eta Jainkoarentzat: hitz batean, eginkizun betea, akatsik gabea.

Oharrak
1

Koh VII, 9.

2

Lb XXII, 20.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean