73
Zazpigarren kapituluan San Lukasek kontatzen du: fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen1. Une hartan hiriko emakume bat iristen da, bekatari bezala ezaguna jendaurrean, eta Jesusengana hurbiltzen da oinak garbitzera, garai hartako ohitura jarraituz, etzanda jaten ari dela. Negar malkoak dira garbiketa hunkigarri honen ura; xukatzen duen oihala, ile adatsak. Alabastrozko edalontzi eder batean ekarritako baltsamuaz Maisuaren oinak igurzten ditu. Eta musu eman ere.
Fariseuak gaizki pentsatzen du. Ez zaio buruan sartzen Jesusek bihotzean hainbeste erruki gorde dezakeenik. Profeta balitz, jakin behar luke nor eta nolakoa den emakume hori2, zioen bere baitan. Jesusek haren gogoeta irakurri eta argitzen dio: Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartzean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ile adatsez xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit. Beraz, hau diotsut: asko maite izan du eta barkatu ere, asko barkatzen zaio3.
Ezin gara gelditu orain gure Jaunaren Bihotz errukiorraren jainkozko gauza miragarriak gogora ekartzen. Eszena honen beste alderdi bati begiratuko diogu: Jesusek nola sentitu zuen gizalegezko eta fintasunezko xehetasun haien falta; fariseua ez baitzen Berari eskaintzeko gauza izan. Kristo perfectus Deus, perfectus homo4 da, Jainko, Hirutasun Santuaren Bigarren Pertsona, eta gizon guztiz bikaina. Salbamena dakar eta ez naturaren hondamena, eta Harengandik ikasten dugu ez dela kristau jarduera gizakiarekin gaizki portatzea, Jainkoaren izaki baita, Haren antz-irudira egina5.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/73/ (2026-11-05)