276

Mariaren jainkozko Amatasuna da bera apaintzen duten perfekzio eta pribilegio guztien sustraia. Izenburu horrengatik orbanik gabe sortua izan zen eta graziaz betea dago, beti birjina da, gorputz eta arima igo zen zeruetara, izadi guztiaren Erregina bezala koroatua izan zen, aingeruen eta santuen gainetik. Haren gainetik, Jainkoa bakarrik. Ama Birjina Santuak, Jainkoaren Ama delako, nolabaiteko duintasun azkengabea du, Jainkoa den ondasun mugagabearena3. Ez dago gehiegikeriarik egiteko arriskurik. Inoiz ez dugu misterio esanezinezko horretan aski sakonduko; inoiz ezingo diogu eskertu aski Gure Amari, Hirutasun Santuarekiko eman digun familiartasun hau.

Bekatariak ginen eta Jainkoaren etsaiak. Berrerosketak ez gaitu bakarrik bekatutik askatzen eta Jainkoarekin adiskidetzen: seme-alabak bihurtzen gaitu, Ama bat ematen digu, Hitza, Gizatasunean, sortu zuena bera. Ba al dago maitasun jario handiagorik? Jainkoa gu berrerosteko irrikaz zegoen, bere mugagabeko jakinduriaz, ba zituen bere Borondate Santua gauzatzeko bide asko. Bat aukeratu zuen, gure salbamen eta gorespenari buruz izan daitezkeen zalantza guztiak ezabatzen dituena. Lehenengo Adan gizonagandik eta emakumeagandik sortua ez, baizik eta lurrean moldatua izan zen bezala, hala ere azkeneko Adanek, lehenengoaren zauria sendatu behar baitzuen, Birjinaren erraietan moldatutako gorputza hartu zuen, haragiaren arabera, bekatua egin zutenen haragiaren berdina izateko4.

Oharrak
3

S. Tomas Akinokoa, Summa Theologiae I, q. 25, a. 6.

4

S. Basilio, Commentarius in Isaiam, VII, 201 (PG 30, 466).

Puntu hau beste hizkuntza batean