274
Gure Amaren jai guztiak handiak dira, Elizak Maria Santuari gure maitasuna egintzen bidez frogatzeko ematen dizkigun aukerak baitira. Baina jai horietatik bat aukeratu behar banu, nahiago dut gaurkoa: Ama Birjina Santuaren jainkozko Amatasuna.
Ospakizun honek gure sinesmenaren misterio nagusi batzuk gogoratzera garamatza: Hirutasun Santuaren hiru Pertsonen egintza den Hitzaren Haragitzea hausnartzera. Maria, Jainko Aitaren Alaba, bere errai guztiz garbietan Jauna haragitzeagatik, Jainko Espiritu Santuaren Emazte eta Jainko Semearen Ama da.
Ama Birjinak, askatasunez, baietz erantzun zienean Egileak agertzen zizkion asmoei, jainkozko Hitzak giza izaera bere egin zuen: arima adimenduna eta Mariaren errai guztiz garbietan eratutako gorputza. Jainkozko izaera eta giza izaera Pertsona bakar batean batzen ziren: Jesu Kristo, egiazko Jainko eta, une hartatik aurrera, egiazko Gizon; Aitaren betiereko Seme Bakarra eta momentu hartatik, Gizon bezala, Mariaren egiazko semea: horregatik Gure Ama Maria gizon egindako Hitzaren Ama da, Hirutasun Santuaren bigarren Pertsonarena. Honek betirako lotu baitio bere buruari –nahasi gabe– giza izaera. Birjina Santuari ozenki esan diezazkiokegu, gorespenik onena gisa, bere duintasun gorena agertzen duten hitz hauek: Jainkoaren Ama.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/274/ (2026-11-07)