282

Andre Mariari zion maitasun handiak eta teologia kulturarik ezak eraman zuen kristau on bat niri ezagutaraztera orain kontatuko dizuedan gertakizun hau –bere xalotasun guztiarekin–, ulergarria baita ezaguera eskaseko pertsona batengan.

Barrua husteko beharra bezala har ezazu –esaten zidan–: uler ezazu nire tristura garai hauetan gertatzen diren gauza batzuen aurrean. Oraingo Kontzilioaren prestaketa eta garapenean zehar Ama Birjinaren gaia sartzea proposatu da. Halaxe: gaia. Horrela hitz egiten al dute seme-alabek? Hori al da fededunek beti aitortu izan duten fedea? Ama Birjinari diogun maitasuna, noiztik da gai bat, bere komenigarritasunaren inguruan eztabaida bat sortzea onartzen duena?

Maitasunaren aurka zer edo zer izatekotan, zekenkeria da. Ez zait axola garbi esatea; horrela egingo ez banu –jarraitzen zuen– Gure Ama Santua iraintzea irudituko litzaidake. Mariari Elizaren Ama deitzea egoki ote den ala ez eztabaidatu da. Ez zait atsegin xehetasun gehiagotara jaistea. Baina Jainkoaren Ama eta ondorioz kristau guztien Ama, ez al da Elizaren Ama izan behar, bataiatuak izan direnen eta Kristorengan, Mariaren Semearengan, berriz jaioak direnen bilera bada Eliza?

Ez dut ulertzen –jarraitzen zuen– nondik sortzen den Andre Mariaren gorespenean titulu hori ez erabiltzearen zikoizkeria. Guztiz bestelakoa da Elizaren fedea! Ama Birjinaren gaia. Nahi al dute seme-alabek beren amarenganako maitasunaren gaia planteatu? Maite dute eta kito. Asko maiteko dute seme-alaba onak badira. Gaiaz –edo eskemaz– arrotzak mintzatzen dira, problema baten enuntziazioaren hoztasunez kasu hori ikertzen dutenak. Honaino arima xalo eta jainkozale haren bihotz lasaitze zuzen eta jaieratsua, baina bidegabea.

Puntu hau beste hizkuntza batean