287

Maitasunaren irakasle. Gogora ezazue Jesus templuan aurkeztu zuteneko eszena hura. Simeon zaharrak bere Ama Mariari esan zion: Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen eta Zuri saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza22. Mariak gizadiari dion maitasun handiak Kristoren esan hau Berarengan bete dadila eginarazten du: Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino23.

Arrazoi guztiz deitu diote Aita Santu guztiek Mariari Berrerosle-kide: halako moduz jasaten eta hiltzen ari zen bere Semearekin batera jasan eta ia hil zen; eta halako moduz, gizakiak salbatzearren, Berari zegokion aldetik, bere Semearekiko ama eskubideak utzi eta oparitzat eman zuen, Jainkoaren zuzenbidea leuntzearren, bidez esan daitekeela Berak salbatu zuela gizadia Kristorekin batera24. Horrela hobeto ulertzen dugu inoiz gogoratzeaz aspertuko ez garen Jaunaren Nekaldiko une hura: stabat autem iuxta crucem Iesu mater eius25, Jesusen gurutzearen ondoan zegoen haren Ama.

Ikusi izan duzue, noski, nola ama batzuk, bidezko harrotasunez, lasterka joaten diren beren semeen ondoan jartzera garaile ateratzen direnean, agiriko onarpena jasotzen dutenean. Beste batzuk, ordea, une horietan, bigarren maila batean gelditzen dira, isilean maitatzen. Horrelakoa zen Maria, eta bazekien Jesusek.

Oharrak
22

Lk II, 34 -35.

23

Jn XV, 13.

24

Benedikto XV, Inter sodalicia Gutuna, 22-III-1918, ASS 10 (1919), 182.

25

Jn XIX, 25.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean