292

Agian, zuen arteko bat edo bestek pentsa dezake eguneroko bizitzak, gure bizitzako joan-etorriak, ez duela laguntzen Gure Ama bezalako izaki hain garbian jartzen bihotza. Pixka bat pentsatzera gonbidatzen dizuet. Zer bilatzen dugu beti, baita arreta berezirik gabe ere, egiten dugun guztian? Jainko maitasunak eraginda asmo zuzenez lan egiten dugunean, ona, garbia dena, kontzientziari bakea eta arimari zoriona ekartzen dizkiona bilatzen dugu. Ez zaigula okerrik falta? Bai, baina, hain zuzen ere, oker horiek aitortzea, gure helburua zein den argiago aurkitzea da: igarotzen ez den zoriona, sakona, lasaia, gizatiarra eta naturaz gaindikoa.

Bada izaki bat zorion hori lur honetan lortu zuena, Jainkoaren maisulana delako: Gure Ama Maria guztiz Santua. Bera bizirik dago eta babesten gaitu; Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren ondoan dago, gorputz eta arima. Palestinan jaio zen berbera da, haurtzarotik Jaunari bere burua eskaini ziona, Gabriel Goiaingeruaren iragarkia jaso zuena, Gure Salbatzailea erditu zuena, Haren ondoan Gurutze-oinean zutik egon zena.

Harengan ideal guztiak gauzatzen dira, baina ondorioz ez dugu pentsatu behar bere gorentasun eta handitasunak hurbilgaitza eta urruna agertzen digutenik. Graziaz betea da, perfekzio guztiak biltzen ditu, eta Ama da, Jainkoaren aurrean duen boterearekin eskatzen dioguna lortuko digu; Ama denez, eman nahi digu. Eta Ama bezala gure ahultasunak ulertzen ditu, animatzen gaitu, desenkusatzen, bidea errazten, beti dauka prest sendagaia, baita ezer ez dela posible dirudienean.

Puntu hau beste hizkuntza batean