277
Maitasun Ederraren Ama
Ego quasi vitis fructificavi...: Kimu ederrak eman ditut mahatsondoak bezala, lore eta fruitu bikain eta joriak5. Halaxe irakurri dugu Epistolan. Gure Amarenganako jaieraren usain gozoa gure ariman eta kristau guztien ariman gainezka egin dadila, eta konfiantza bete-betera eraman gaitzala gu beti zaintzen gaituenarengan.
Ni naiz Maitasun Ederraren, beldurraren, ezagueraren eta itxaropen santuaren Ama6. Maria Santuak gaur oroitarazten dizkigun irakaspenak. Maitasun ederraren ikasgaia, bizitza garbi, bihotz sentikor eta sutsuarena, Elizaren zerbitzurako leialak izaten ikas dezagun. Ez da hau edonolako maitasuna: Maitasuna da. Hemen ez dago ez traiziorik, ez neurririk, ez ahazterik. Maitasun ederra, bere hasiera eta helburua hiru aldiz Santu den Jainkoa baita, Edertasun osoa, Ontasun eta Handitasun guztia.
Baina beldurra ere aipatzen da. Ez zait beste beldurrik bururatzen, Maitasunetik aldentzea baino. Jainko Gure Jaunak ez baikaitu beldurti edo ahalketsu nahi, ezta ere motel geure burua eskaintzean. Ausartak, bihoztunak eta leunak behar gaitu. Testu sakratuak adierazten digun beldurrak Liburu Santuetako beste kexa hura dakarkigu burura: maitearen bila nenbilen; bila ibili bai, baina ez nuen aurkitu7.
Gerta daiteke hori, gizakiak sakoneraino ulertu ez badu Jainkoa maitatzeak zer esan nahi duen. Orduan bihotza Jaunarengana eramaten ez duten gauzen atzetik arrastaka doa. Eta ondorioz, begien bistatik joaten zaigu. Beste batzuetan, agian, Jauna ezkutatzen da. Berak daki zergatik. Orduan, adore handiagoz bilatzea animatzen gaitu, eta aurkitzen dugunean, pozaren pozez oihu egiten dugu: Heldu nion eta ez dut gehiago utziko8.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/277/ (2026-11-07)