281
Elizaren Ama
Jesus bere Amaren ondoan egon zen urte haietara irudimenaren bidez itzultzea gustatzen zait; Jaunak mundu honetan igarotako ia bizi osoa hartzen dute. Haur zela ikustea, Mariak zaindu, musukatu eta entretenitzen duenean. Nola hazten den begiratu, bere Amaren eta Joseren, lur honetako aitaren, begi maiteminduen aurrean. Nolako samurtasun eta leuntasunez arduratuko ziren Jesusez Maria eta Patriarka santua haren haurtzaroan eta, isilean, Berarengandik etengabe eta ugari ikasiko zuten. Haien arimak, Gizon eta Jainko den Semearen arimara moldatuko ziren. Horregatik Amak –eta haren ondoren Josek– inork ez bezala ezagutzen ditu Kristoren Bihotzaren sentimenduak eta biak dira biderik onena, bakarra esango nuke, Salbatzailearengana iristeko.
Zuetako bakoitzarengan, idazten zuen San Anbrosiok, Mariaren arima egon dadila Jauna goresteko; bakoitzarengan Mariaren espiritua, Jainkoarengan gozatzeko. Eta Elizako Guraso honek, lehen begiratuan ausartak azaltzen zaizkigun burutapen batzuk eransten ditu, kristauaren bizitzarako, ordea, gogozko zentzu argia dutenak. Haragiaren arabera, bat bakarra da Kristoren Ama; sinesmenaren arabera, Kristo gu guztion fruitua da12.
Mariarekin bat bagatoz, bere bertuteak imitatzen baditugu, Kristo, graziaren bitartez, Espiritu Santuaren eraginaz Berarekin bat egingo diren askoren arimetan jaiotzea lortuko dugu. Maria imitatzen badugu, bere gogozko amatasunean parte hartuko dugu nolabait. Isilik, Ama Birjina bezala, nabaritzera eman gabe, ia hitzik gabe, kristau jardueraren lekukotasun bete-betea eta koherentea emanez, Jainkoaren eta gure artean kutunki berritzen den fiat bat eskuzabalez behin eta berriro esanez.
S. Anbrosio, Expositio Evangelii secundum Lucam II, 26 (PL 15, 1561).
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/281/ (2026-11-07)