158
Giza errespetuak
Ez zaitzatela geldiarazi inongo arrazoi faltsuk: ezar ezazue sendagarri garbia. Baina egizue ama baten gisa, gure amen leuntasun amaigabeaz, txikitan jolasean edo estropezuz egiten genituen zauri handi edo txikiak sendatzen zizkiguten bitartean. Ordu batzuk itxaron behar direnean, itxaroten da: inoiz ez behar den baino denbora gehiago, bestelako jarduerak erosokeria adieraziko bailuke, koldarkeria, zuhurtasunarekin zer ikusirik ez duena. Uko egiozue, batez ere besteen hezkuntzaz arduratzen zaretenok, zauria desinfektatzeko beldurrari.
Baliteke sendatu behar duten eta erabaki ez edo eginbehar horri aurre egitera ausartzen ez direnen belarrira baten batek maltzurki xuxurlatzea: Maisu, badakigu egiazale zarela...8 Ez onartu ironiaz beteriko gorespen hori: beren eginkizuna arduraz burutzen saiatzen ez direnak ez dira maisu, ez baitute egiazko bidea erakusten; eta ez dira ere egiazkoak, beren sasi zuhurtasunarekin gehiegikeriatzat hartzen edo gutxietsi egiten baitituzte arau argiak, jarduera zintzoak, adinak, gobernu onaren zientziak, giza ahultasuna ezagutzeak eta ardi bakoitzarenganako maitasunak mila aldiz frogatuak, esku hartzera, interesa erakustera bultzatzen dituztenak.
Sasi maisuak egia ahitzeko beldur dira. Egoera jakin batzuetan, erremedio mingarria erabiltzea pentsatzeak bakarrik –beren eginbeharra– urduri jartzen ditu. Halako jardueran –sar ezazue buruan– ez dago zuhurtasunik, ez errukirik, ez zentzu onik; jokaera onek uzkurkeria, erantzukizunik eza, burugabekeria eta ergelkeria adierazten ditu. Horiek berak gero, hondamenak izututa, gaitza moztu nahi izaten dute, berandu denean. Ez dira gogoratzen zuhurtasun bertuteak helduaroaren, esperientzia zaharraren, ikuspegi garbiaren eta loturarik gabeko mihiaren aholku lasaia garaiz jaso eta igortzea eskatzen duela.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/158/ (2026-11-07)