173

Zuzentasunak gainezka egiten duenean bezalakoa da maitasuna; lehenik eginbeharra betetzea eskatzen du: zuzen denarekin hasten da; bidezkoenarekin jarraitzen…; baina maitatzeko fintasun handia behar da, leuntasun handia, errespetu handia, adeitasun handia: hitz batean, Apostoluaren aholkuari jarraitzea: lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten, horrela beteko baituzue Kristoren legea35. Orduan bai: orduan maitasuna bete-betean bizitzen ari gara, orduan Jesusen agindua burutzen dugu.

Nire iritziz, ez dago zuzentasunaren eta maitasunaren arteko batasun praktiko horren eredu argiagorik amen jokaera baino. Maitasun berberaz maite dituzte seme-alaba guztiak, eta maitasun horrek, hain zuzen, era desberdinez tratatzera bultzatzen ditu –zuzentasun ezberdinez–, bakoitza besteengandik bereizten baita. Ba, gure hurkoekin ere, maitasunak zuzentasuna hobetu eta borobildu egiten du, desberdinekin era ezberdinez jokatzera bultzatzen baikaitu, bakoitzaren gorabehera zehatzetara egokituz: triste dagoena alaitzeko, heziera falta zaionari erakusteko, bakarrik dagoenari maitasuna agertzeko… Zuzentasunak bakoitzari berea ematea eskatzen du, eta hori ez da denei gauza bera ematea. Berdinzaletasun utopikoa zuzengabekeria handienen iturria da.

Beti horrela jokatzeko, ama on horiek bezala, geure buruaz ahaztu behar dugu, gure jauntasuna besteak zerbitzatzean bakarrik bilatuz, Jesu Kristok predikatzen zuen bezala: Gizonaren Semea ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik36. Horrek adorea eskatzen du norberaren nahia jainkozko ereduaren mende jartzea, denen alde lan egitea, besteen betiko zorion eta ongizatearen alde borrokatzea. Ez dut bide hoberik ezagutzen zuzena izateko buru-eskaintza eta zerbitzu bizitza baizik.

Oharrak
35

Ga VI, 2.

36

Mt XX, 28.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean