168
Hamar mila talentu zor zituen parabolako morroi haren26 egoerak ondo islatzen du gurea Jainkoaren aurrean: guk ere ez dugu zerekin ordaindu hainbeste jainkozko ontasunen bidez egin ditugun zorrak eta gure bekatuen laguntzarekin handitu ditugunak. Adorez borroka egiten badugu ere, ez dugu lortuko Jaunak barkatu digun guztia egoki itzultzea. Baina gizakiaren zuzentasunak ezin duena, Jainkoaren errukiak gaindika osatzen du. Berak bai, nahikotzat jo dezake eta guri zorra barkatu, Bera ona baita eta haren maitasuna betikoa27.
Parabola –ondo gogoratzen duzue– aurrekoaren kontrapuntu den bigarren zati batekin amaitzen da. Zor izugarri hura barkatu dioten morroia ez da errukitzen ehun denario ozta-ozta zor zizkion lankide hartaz. Hortxe ageri da haren bihotz zitala. Hertsiki mintzatuz, inork ez dio ukatuko berea dena eskatzeko eskubidea; baina hala ere, zerbait altxatzen da gure baitan jarrera hertsi hori benetako zuzentasunetik urrun dagoela xuxurlatuz: ez da bidezkoa momentu bat lehenago mesede, bihozberatasun eta errukiz tratatua izan den batek pazientzia pixka bat behintzat ez azaltzea bere zordunaren alde. Kontuan izan zuzentasuna ez dela agertzen eskubide eta betebeharrak zorrozki errespetatuz bakarrik, aritmetikako problemak batuketa eta kenketaz ebazten diren bezala.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/168/ (2026-11-07)