161

Ez dizuet ezkutatzen zerbait zuzendu behar dudanean edo nahigabea sor dezakeen erabaki bat hartu, lehenago, bitartean eta ondoren sufritu egiten dudala: eta ez naiz, sentimentala: kontsolatzen nau pentsatzeak piztiak bakarrik direla negar egiten ez dutenak : gizakiok, Jainko seme-alabek egiten dugu negar. Uste dut zuek ere, une batzuetan, txarto pasatu beharko duzuela, zuen betebeharra leialki burutzen saiatzen bazarete. Ez ahaztu erosoago dela –baina desbideratzea dela– kosta ahala kosta nahigabea saihestea, lagun hurkoa ez nahigabetzeko aitzakiaz: maiz, esku hartze ez hori norberaren minetik ihes egiteko estalpe lotsagarri bat da, gehienetan ez baita atsegingarri funtsezko ohar bat egitea. Semeok, gogora ezazue infernua aho itxiez beterik dagoela.

Zenbait mediku zaudete orain entzuten. Barkatu nire ausardia medikuntzatik adibide bat hartzen badut berriz; agian zentzugabekeriaren batek ihes egingo dit, baina aszetikako konparazio bezala balio du. Zauria ondo sendatzeko, lehenik ondo garbitzen da, inguruan ere bai, nahiko urrutitik. Sobera daki zirujauak min egiten duela; baina ebakuntza hori egin gabe uzten badu, oinaze handiago izango du gero. Gainera, berehala desinfektatzailea jartzen da, erretzen du, azkura ematen, eta hilduratzen du, baina ez dago beste irtenbiderik erabiltzea baizik, zauria infektatu ez dadin.

Gorputzaren osasunerako neurri hauek hartu behar direla argi baldin badago, maila eskaseko urradurak besterik ez badira ere, arimaren osasunari dagokion gauza handietan –giza bizitzaren gune nagusietan– kontuan izan zenbateraino garbitu, zenbateraino ebaki, zenbateraino leundu, zenbateraino desinfektatu eta zenbateraino sufritu beharko den. Zuhurtasunak horrela esku sartzea eskatzen digu, betebeharretik ihes egin gabe, eginbehar hori saihestea ardura gabe jardutea bailitzateke, baita zuzentasunaren eta sendotasunaren aurkako eraso bat.

Jakin ezazue kristau batek, benetan Jainkoaren eta gizakien aurrean zuzen jokatu nahi badu, bertute guztiak behar dituela, ahalmenez behintzat. Aita, galdetuko didazue: eta nire ahultasunak, zer? Honela erantzungo dizuet: Ez al du sendatzen gaixo dagoen medikuak, bere gaixotasuna kronikoa izanda ere? Galaraziko ote dio gaixotasunak beste gaixoei errezeta egokia agintzea? Jakina ezetz: sendatzeko aski du zientzia egokia izatea eta erabiltzea, bere gaixotasunaren aurka borrokatzen duen gogo berarekin.

Puntu hau beste hizkuntza batean