165
Bakoitzari berea
Arretaz irakur ezazue ebanjelioko pasartea, gure jarduera argitu behar duten bertuteen ikasgai ederrak probetxuzkoak izan dakizkizuen. Hitzaurre itxurazale eta lausengarri hau bukatzean, fariseuek eta herodiarrek beren arazoa aurkezten dute: zer deritzozu: zilegi al da Zesari zerga ordaintzea?17. Ohar zaitezte orain –idazten du S. Joan Krisostomok– haien maltzurkeriaz; ez baitute esaten: azaldu guri zer den ona, egokia, zilegia, baizik eta esaguzu zer deritzozun. Bera saldu baizik ez zuten nahi eta herri botere aurrean gorrotagarri agerrarazi18. Baina Jesusek, haien maltzurkeria igarriz, honela erantzun zien: zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok? Ea, erakutsi zerga txanpona. Eta haiek denario bat aurkeztu zioten. Jesusek galdetu zien: Norenak dira irudi eta izen hauek? Erantzun zioten: Zesarrenak. Jesusek, orduan: Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari19.
Ikusten duzuenez, zaharra da arazoa, Maisuaren erantzuna argi eta zalantzarik gabekoa den bezala. Ez da –ez baitago– kontrajartzerik Jainkoaren zerbitzuaren eta gizakien aldeko zerbitzuaren artean; gure betebehar eta eskubide hiritarren eta erlijiozkoen artean; hiri mundutarra eraiki eta hobetzeko ahaleginaren eta mundu honetan zeruko aberrira garamatzan bidetik bezala goazela jakitearen artean.
Horretan ere agertzen zaigu bizi batasuna. Ez naiz aspertuko esaten behar-beharrezkoa dela eguneroko lanaren, familia eta gizarteko harremanen egoera arrunten erdian santu egiten saiatzen direnentzat. Jesusek ez du ontzat ematen banaketa hau: ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edo batari men egingo eta bestea begitan hartuko20. Kristaua, Jainkoa bakarrik aukeratzen duenean haren deiari erantzunez, dena Jaunarengana zuzentzera bultzatua sentitzen da eta, aldi berean, lagun hurkoari zuzentasunez dagokion guztia ematera ere.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/165/ (2026-11-07)