76
Ez nuke jakingo esaten zein den giza bertute nagusiena: zein ikuspuntutatik begiratzen zaion, noski. Gainera, alferrikako galdera da hau, ez baita kontua bertute batean edo bestean saiatzea: denak lortzen eta erabiltzen borrokatu behar dugu. Bertute bakoitza besteei lotuta dago, eta horrela, egiazale izaten ahalegintzeak, zuzen, alai, zuhur, bare bihurtzen gaitu.
Ez naute betetzen ere bertute pertsonalak eta bertute sozialak bereizten dituzten arrazoiketak. Ez dago bertuterik berekoikeria errazten duenik; bertute bakoitza, nahitaez, gure arimaren eta gure inguruko guztien arimen onerako izaten da. Denok gizaki eta denok Jainkoaren seme-alabak gara eta ezin dugu pentsatu, gure bizitza curriculum distiratsu edo karrera eder bat nekez prestatzea denik. Denok elkartasunean bizi behar dugu eta, graziaren mailan, Santuen Elkartasunaren naturaz gaindiko lokarriek lotzen gaituzte.
Aldi berean, gogoratu behar dugu, erabakia eta erantzukizuna bakoitzaren askatasunaren esku daudela eta, horregatik, bertuteak, errotik, pertsonalak dira, pertsonarenak. Hala ere maitasun borroka honetan, inork ez du bakarrik borrokatzen –inor ez da bertso solte bat, esan ohi dut–: nolabait elkarri lagundu edo kalte egiten diogu. Denok kate beraren mailak gara. Eska iezaiozu orain, nirekin batera, Jainko gure Jaunari, kate horrek itsats gaitzala bere Bihotzean, Zeruan betirako aurrez aurre begiratzeko eguna iristen den arte.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/76/ (2026-11-07)