88
Ez da zuhurra inoiz huts egiten ez duena, bere huts egiteak zuzentzen dakiena baizik. Izan ere, egiteari erosokeriaz utzi baino, nahiago duelako hogei aldiz ez asmatu, horregatik da zuhur. Ez du arinkeriaz edo zentzugabeko ausarkeriaz jokatzen, baina bere erabakien arriskua bere gain hartzen du, eta ez dio uko egiten ongia lortzeari asmatuko ez ote duen beldurrez. Gure bizitzan zehar, zenbait lagun zentzudun aurkitzen ditugu, objektiboak, beraiei komeni zaien aldera balantza makurtzeko grina ez dutenak. Pertsona horietaz, oharkabean ere, fidatzen gara; handiuste eta zaratarik gabe zuzentasunez jarduten baitira beti.
Bertute kardinal hau behar-beharrezkoa da kristauarentzat; baina zuhurtasunaren azken helburuak ez dira gizarte adostasuna lortzea edo desadostasunik ez sortzeak dakarren lasaitasuna. Arrazoi nagusia Jainkoaren Nahia betetzea da; Berak xumeak nahi gaitu, baina ez funsgabeak; egiaren lagunak, baina inola ere aztoratuak edo kaskarinak. Zuhurraren bihotzak jakintza lortuko du17; eta zientzia hori Jainkoaren maitasunarena da, behin betiko jakitea, salba gaitzakeena, gizaki guztiei bakea eta elkar ulertzearen fruituak ekarriz, eta arima bakoitzari, betiko bizia.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/88/ (2026-11-07)