84

Neurritasunaren fruituak

Neurritasuna norberaren jabe izatea da. Gorputzean eta ariman sentitzen dugun guztia ez da neurririk gabe egin behar. Egin daitekeen guztia ez da egin behar. Erosoagoa da naturalak deitzen diren bulkadek herrestan eraman gaitzatela uztea; baina bide horren amaieran tristura aurkitzen da, bakardadea norberaren miserian.

Batzuek ez diote ezer ukatu nahi urdailari, ez begiei, ez eskuei; ez diote entzun nahi bizimodu garbia eramatera bultzatzen duenari. Umeak sortzeko ahalmena –gauza ederra berez, Jainkoaren ahalmen sortzailean parte hartzea baita– neurririk gabe erabiltzen dute, tresna bezala berekoikeriaren zerbitzuan.

Baina inoiz ez zait gustatu lizunkeriaz hitz egitea. Neurritasunaren fruituak gogora ekarri nahi ditut nik, gizakia egiazko gizaki ikusi, baliorik gabeko gauza distiratsuei, mikak biltzen dituen zirtzilkerien modukoei, loturik ez dagoena. Pertsona horrek badaki bere arimari kalte egiten diona baztertzen eta bere sakrifizioa itxurazkoa baizik ez dela konturatzen da: zeren horrela biziz –bere burua ukatuz– morrontza askotatik libratzen baita eta bere bihotzaren barrenean, Jainkoaren maitasun guztiaz gozatzen du.

Bizitzak, orduan, neurrigabekeriak lausotzen dituen ñabardura guztiak bereganatzen ditu; besteez arduratzeko gauza izaten gara, beste guztiak gure gauzen partaide egiteko, zeregin handietan ahalegintzeko. Neurritasunak arima neurridun, eratsu, bihozbera hazten du; erakargarria zaigun berezko moduzkotasuna ematen dio, adimenaren jauntasuna nabaritzen baitzaio jardueran. Neurritasunak ez du mugapenik adierazi nahi, handitasuna baizik. Askoz eta gabezia handiago dauka neurrigabekeriak, bihotzak bere izaerari uko egiten baitio, latazko zintzarri batzuen soinu kaskarra aurkezten dion lehenengoari zerbitzatzeko.

Puntu hau beste hizkuntza batean