89

Bide arrunt bat

Giza bertuteez aritu gara. Eta zuetako batek, agian, hauxe galde egin diezaioke bere buruari: baina hala jardutea, ez al da giro normaletik aldentzea? Ez al da eguneroko mundutik at dagoen zerbait? Ez. Inon ez dago idatzia kristaua arrotz izan behar duenik munduan. Jesu Kristo Gure Jaunak, hitzez eta egitez, bereziki maite dudan beste giza bertute bat goretsi du: naturaltasuna, xalotasuna.

Gogoratu nola datorren Jauna mundura: gizaki guztiak bezalaxe. Haurtzaroa eta gaztaroa Palestinako herrixka batean pasatzen ditu, bere herriko biztanleen artean beste bat gehiago bezala. Bere bizitza ageriaren urteetan, behin eta berriz errepikatzen da Nazareten igarotako bere bizitza arruntaren oihartzuna. Lanaz mintzatzen da, bere ikasleek atseden har dezaten arduratzen da18; guztiei bidera ateratzen zaie eta ez dio inorekin hitz egiteari uko egiten; argi esaten die jarraitzen diotenei ez diezaietela haurrei Berarengana hurbiltzen galarazi19. Bere haurtzaroa gogoratuz agian, herriko plazan jostatzen ari diren umeak jartzen ditu konparazio gisa20.

Ez al da hori guztia gauza normala, naturala, xaloa? Ezin al da eguneroko bizitzan eman? Gizakiak, hala ere, eguneroko gauza lau eta arruntetara ohitu egiten dira eta, oharkabean, gauza deigarri eta artifizialak bilatzen dituzte. Nik bezala ikusiko zenuten, noski: arrosa fresko, moztu berri, lore-hosto fin eta usaintsu batzuen edertasuna goraipatzen da, esanez: trapuzkoak dirudite!

Oharrak
18

Ik. Mk VI, 31.

19

Ik. Lk XVIII, 16.

20

Ik. Lk VII, 32.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean