77

Sendotasuna, baretasuna, pazientzia, bihotz handia

Giza bertute horietako bat edo beste gogoratuko ditugu. Nik hitz egiten dudan bitartean, zuek, zaudete elkarrizketan Jaunarekin zuen kabuz; eskatu denoi lagundu eta bere Gizakundearen misterioan sakontzeko adore eman diezagula gaur, guk ere, geure haragian, gu salbatzera etorri denaren lekuko biziak izan gaitezen gizakien artean.

Kristauaren bidea, edozein gizakiena, ez da erraza. Bolada batzuetan bai, badirudi dena guk aurrez ikusi bezala gertatzen dela, baina horrek gutxi irauten du gehienetan. Bizitzea zailtasunekin topatzea izaten da, bihotzean pozak eta nahigabeak sentitzea, eta sutegi honetan gizakiak sendotasuna, pazientzia, bihotz handia eta baretasuna lortzeko aukera izaten du.

Bere kontzientziaren arabera, bere ustez egin behar duena betetzen irauten duena da sendo; eginkizun baten balioa berak jasotzen dituen onurengatik bakarrik neurtzen ez duena, baizik eta besteei egiten dien zerbitzuagatik. Sendoak, batzuetan, sufritu egiten du, baina eutsi egiten dio; negar egiten du agian, baina bere malkoak edaten ditu. Atsekabea gogortzen denean ez da kikiltzen. Gogora ezazue Makabearren liburuak kontatzen digun adibide hura: agure hura, Eleazar, Jainkoaren legea urratu baino hiltzea nahiago zuena. Neure bizia orain adoretsu emanez, nire zahartzaroari dagokion duintasunez agertuko naiz. Eta ikasbide bikaina emango diet gazteei, lege santu eta agurgarriengatik gogotsu eta kementsu hilez7.

Oharrak
7

2 M VI, 27-28.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean