1

Duela pila bat urte, bagindoazen behin Gaztelako errepide batetik, eta han, urrun, landan, hunkitu ninduen zerbait ikusi genuen, otoitzarako askotan balio izan didan ikuskizun bat: zenbait gizon, indar handiz, hesolak tinkatzen ari ziren lurrean, gero sarea goitik behera eusteko erabili zituztenak, artegia osatzeko. Beranduago, leku hartara artzainak hurbildu ziren ardi eta arkumeekin; beren izenez deitzen zieten eta banan-banan sartzen ziren artegian, denak batera egoteko, seguru.

Eta gaur, ene Jauna, bereziki oroitzen naiz artzain haietaz eta artegi hartaz, Zurekin solasean aritzeko hemen bilduak gauden guztiok –eta beste asko mundu osoan– zure artegian sartuta gaudela baitakigu. Zeuk esana da: Neu naiz artzain ona eta ezagutzen ditut neure ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek1. Ongi ezagutzen gaituzu; badakizu beti entzun nahi ditugula, arretaz entzun ere, Artzain On horren ziztuak, baita jarraitu ere, honetan azaltzen baita betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesu Kristo ezagutzean2.

Hain maitagarria iruditzen zait esker-eskuin ardiz inguratutako Kristoren irudia, non Meza Santua esan ohi dudan otoiztegian ipinarazi bainuen; eta beste leku batzuetan, Jesusen hitz hauek grabarazi ditut, Jainkoaren presentziaren gogoratzaile: cognosco oves meas et cognoscunt me meae3, une guztietan gogoan izan dezagun Berak gaitzesten, irakasten eta erakusten digula artzainak bere artaldeari bezala4. Oso apropos datorkigu, beraz, Gaztela aldeko oroitzapen hau.

Oharrak
1

Jn X, 14.

2

Jn XVII, 3.

3

Jn X, 14.

4

Ik. Si, XVIII, 13.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean