21
Kristoren txalupan
Jaunari bezala, atsegin zait niri ere txalupez eta sareez mintzatzea, Ebanjelioko eszena horietatik erabaki zehatz eta sendoak atera ditzagun denok. San Lukasek esaten digu arrantzale batzuk beren sareak garbitzen eta konpontzen ari zirela Genesareteko laku ertzean. Jesus itsas ertzean lehorreratuak zeuden ontzietara hurbildu eta haietako batera igo zen, Simonen txalupara hain zuzen. Nolako naturaltasunez sartzen den Jesus gutako bakoitzaren txalupan!: bizitza guri korapilatzearren, hor nonbait esan ohi den bezala, kexa gisa. Zuekin eta nirekin bidean gurutzatu da Jauna, bizitza leunki, maitekiro korapilatzeko.
Pedroren txalupatik predikatu ondoren, arrantzaleei zuzentzen zaie: duc in altum, et laxate retia vestra in capturam!25, jo itsas zabalera eta bota zuen sareak! Kristoren hitzetan fidaturik, bere esanera jartzen dira eta arrantza miragarri hura lortzen dute: Eta Pedrori begiratuz – txundituta zegoen, Santiago eta Joan bezala– Jaunak hauxe azaltzen dio: ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara. Ontziak lehorrera atera eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten26.
Zure txalupak –zure talentuak, zure helburuak eta lorpenak– ez du ezertarako balio Jesu Kristoren esku uzten ez baduzu, Berari aske han sartzen uzten ez badiozu, idolo bat bihurtzen uzten baduzu. Zu bakarrik, zure txaluparekin, Maisua baztertuz gero, naturaz gaindiko hizkera erabiliz, zuzenean urpera zoaz. Jaunaren presentzia eta gidaritza onartzen eta bilatzen baduzu bakarrik, salba zintezke bizitzako ekaitz eta ezbeharretatik. Jarri dena Jainkoaren eskuetan: zure pentsamendu, zure irudimenaren abentura ederrak, zure giza legeko asmo jatorrak, zure maitasun garbiak… pasa bitez Kristoren bihotzetik. Bestela, lehenago edo beranduago, zure burukoikeriarekin hondoratuko dira.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/21/ (2026-11-07)