14

Berrogeiko hamarkadaren lehen urteetan, Valentziara joaten nintzen sarritan. Ez nuen nik orduan inolako giza baliabiderik, eta –orain zuek bezala– apaiz gaixo honekin biltzen ziren batzuekin, ahal genuen lekuan egiten nuen otoitza, hondartza bakarti batean arratsalde batzuetan. Maisuaren lehen adiskideak bezala, oroitzen zara? San Lukasek idazten du, Paulorekin Tirotik Jerusalem aldera ateratzean, hiritik kanporaino lagundu ziguten haiek denek, beren emazte eta haurrekin, eta hondartzan belauniko, otoitz egin genuen19.

Behin, arratsaldean, haietako eguzki sartze zoragarri batean, txalupa bat ikusi genuen itsasbazterrera hurbiltzen, eta gizon beltzaran batzuk, harkaitzak bezain sendoak, bustiak, soina biluzirik, itsas haizeak hain belztuta non brontzezkoak baitziruditen, lurrera egin zuten salto. Txalupatik herrestan zekarten sarea uretatik ateratzen hasi ziren, zilar antzeko arrain distiratsuez betea. Kementsu, indar harrigarriz tiratzen zuten, oinak hondarran hondoratuta zeuzkatela. Bat- batean, mutiko bat etorri zen, larrua belztuta hura ere; sokara hurbildu, eta bere eskutxoekin helduz, tiratzen hasi zen, baldarki, ezin uka. Arrantzale zakar, fintasunik gabeko haiei, bihotza zatitu behar izan zitzaien eta laguntzen utzi zioten umeari; ez zuten baztertu, nahiz eta beraientzat traba baizik ez zen.

Zuengan eta niregan pentsatzen gelditu nintzen, zuengan –ez zintuztedan ezagutzen oraindik– eta niregan; sokatik egunero tiratze horretan, hainbeste gauzetan; gure Jainko Jaunaren aurrean mutiko hura bezala aurkezten bagara, gure ahultasunaz jabeturik, baina haren asmoei jarraitzeko prest, errazago iritsiko gara helmugara: sarea itsasbazterreraino herrestan eramango dugu, fruitu ugariz beterik; gure indarrak iristen ez diren lekura Jainkoaren eskua heltzen baita.

Oharrak
19

Eg XXI, 5.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean