20

Saia gaitezen sustatzen gure bihotzaren hondoan santutasunera iristeko gogo sutsua, irrika bizia, geure burua miseriaz beterik ikusten badugu ere. Ez beldurrik izan; barne-bizitzan aurrera goazen neurrian, gero eta argiago ikusten ditugu geure akatsak. Gertatzen dena da goi-graziaren laguntza handitze-beiren modukoa bihurtzen dela, eta hauts izpi txikiena edo harea ale ia ikusezina tamaina izugarriz agertzen direla, arimak jainkozko fintasuna eskuratzen duelako, eta itzal txikienak ere kontzientzia gogaitzen du, Jainkoaren garbitasuna bakarrik baitzaio atsegin. Esaiozu orain, bihotz-bihotzetik: Jauna, benetan santu izan nahi dut, benetan zure ikasle zintzo, eta baldintzarik gabe jarraitu nahi zaitut. Eta berehala hartu behar duzu orain bultzatzen zaituzten asmo eder horiek egunero berritzeko erabakia.

Jesus, zure Maitasunean biltzen garen guztiok horretan iraungo bagenu! Egintza on bihurtuko bagenitu Zuk gure arimetan suspertzen dituzun gogo biziak! Galde egiozue maiz zeure buruari: ni, zertarako nago lurrean? Eta horrela ahaleginduko zarete egunero hasten dituzuen eginkizunak txit ederki –maitasunez beterik– amaitzen eta gauza txikiak zaintzen. Santuen jarraibideari begiratuko diogu: gu bezalakoak ziren, hezur-mamizkoak, ahultasun eta akatsak barne, Jainkoaren maitasunez garaipenak lortu eta beren buruen garaile irten zirenak; haien jokabideari begiratuko dugu eta –erleek lore bakoitzetik nektar zoragarriena isurtzen duten bezala–, beraien borrokak ikasbide izango dira guretzat. Zuek eta nik gure ingurukoengan ere hainbat bertute aurkitzen ikasiko dugu –lanean, buru-ukamenean, alaitasunean... ikasbide dira guretzat–, eta ez gara gehiegi geldituko haien akatsei begira; beharrezkoa denean bakarrik, anaiarteko zentzarazpenaren bitartez laguntzeko.

Puntu hau beste hizkuntza batean