13
Bizitzaren kristau koherentzia
Mingarria egiten zait jakitea katoliko batek –Bataioaren bitartez beste Kristo bat izatera deitua dagoen Jainko seme-alaba batek– azaleko jaiera huts batez lasaitzen duela bere kontzientzia, noizean behin bakarrik otoitz egitera eramaten duen jainkozaletasunaz. komeni zaiola pentsatzen badu bakarrik!, gorde beharreko egunetan Mezetara joatera –eta ez denetan–, bere urdaila lasai egon dadila zaintzen duen bitartean, ordu jakinetan janez; dilista plater baten truke bere fedean amore ematera, bere maila ez galtzearren... Eta gero, inongo lotsarik gabe, edo gaizpide emanez, mailaz igotzeko kristau izena erabiltzen du. Ez! Ez gaitezen izen hutsen bidez lasaitu. Erabateko kristau nahi zaituztet, burutik behatzetara; eta hori iristeko trikimainarik gabe bilatu behar duzue gogozko janari egokia.
Zeuen esperientziagatik badakizue –eta maiz entzun izan didazue esaten, bihozgabekeriak har ez zaitzaten– barne-bizitza egunero behin eta berriz hasi behar den gauza dela; eta zuen bihotzetan nabaritzen duzue, nik neurean bezala, etengabe ari behar garela borrokan. Zuen azterketa egitean ikusiko zenuten –niri ere berdin gertatzen zait: barkatu nitaz hitz egiten badizuet, baina hitz egiten dizuedan bitartean, Jaunarekin ari naiz bueltaka nire arimaren beharrei buruz– ezbehar txikiak sufritzen dituzuela behin eta berriz, eta izugarriak direla iruditzen zaizue batzuetan, maitasun, eskaintza, buru ukamen eta fintasun eza nabarmena adierazten dutelako. Susta ezazue ordain irrika hori, egiazko damu batez, baina ez iezadazue bakea galdu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/13/ (2026-11-07)