9

Gure Jaunaren hitz haiek hausnartzean: Nik hauengatik santutzen dut neure burua, hauek ere egiaren bidez santutu daitezen14, garbi ikusten dugu gure helburu bakarra: santutasuna, edo santu izan behar dugula besteak santutzeko. Aldi berean, tentaldi leun gisa, badatorkigu agian burura gogapen hau: oso maila apaleko tresna garela usteaz gain, oso gutxi garela Jainkoaren dei honi erantzutera erabakiak gaudenok. Egia da, gutxi gara, gizadiaren gainerako jendearen aldean, eta berez ez dugu ezer balio; baina Maisuaren hitzak indar handiz hots egiten du: kristaua munduaren argi, gatz eta altxagarria da eta legami pixka batek ore guztia altxatzen du15. Horregatik, hain zuzen ere, beti predikatu izan izan dut arima guztiak axola zaizkigula –ehunetik ehun–, inolako bereizketarik egin gabe, jakinez Jesu Kristok denok berrerosi gaituela eta gutxi batzuk erabili nahi gaituela, gu berez ezer ez izan arren, salbamen hau ezagutzera eman dezagun.

Jesu Kristoren ikasle batek inoiz ez dio tratu txarrik emango inori; okerrari oker deitzen dio; baina okerrean dagoena maitasunez zuzendu behar du; bestela, ezin lagunduko dio, ezin santutuko du. Elkarrekin bizi behar dugu, besteak ulertu, zuritu, anaitasuna adieraziz, eta San Joan Gurutzekoak aholkatzen zuen bezala, maitasuna jarri behar da, maitasunik ez den lekuan, maitasuna ateratzeko16, baita lanean, etxean eta gizarteko harremanetan sortzen diren gorabeheretan, itxuraz garrantzi gutxikoak. Beraz, zu eta ni baita inguruan sortzen diren aukera hutsalenez ere baliatuko gara, aukera haiek santutu, gu santu egin eta gurekin eguneroko zereginetan dabiltzanak santutzeko, berreroskidetzaren zama gozo eta erakargarria geure bizitzetan sentituz.

Oharrak
14

Jn XVII, 19.

15

Ga V, 9.

16

Ik. S. Joan Gurutzekoa, María de la Encarnación-i gutuna, 1591-VII-6.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean