5

Barne-bizitza: Maisuak guztion ariman jarri duen deiaren eskakizuna da. Esaldi jator bat erabiliz, burutik oinetaraino izan behar dugu santu: egiazko kristau, zinezkoak, aldaretara igo ahal izateko modukoak. Bestela, porrot egingo dugu Maisu bakarraren ikasle bezala. Pentsa ezazue, gainera, Jainkoak, bere begiak gugan jarritakoan eta bere grazia guri ematean, munduaren erdian santutasunera iristeko borroka egin dezagun, apostolu izatea behartzen gaituela ere. Uler ezazue, bada, baita giza legez ere, Elizaren Guraso batek dioenez, hautatuak izatearen bidezko ondorio bezala sortzen dela arimen aldeko ardura: zuentzat onuragarri zaizuen zerbait aurkitzen duzuenean, besteak erakartzen saiatzen zarete. Beraz, Jaunaren bideetan besteek zuei lagundu diezazuetela nahi izan behar duzue. Forora edo bainu etxera zoaztela norbait zereginik gabe topatzen baduzue, zuei laguntzera gonbidatzen duzue. Erabil ezazue ere munduko ohitura hori bera, Jainkoarengana zoaztenean; ez zaitezte bakarrik joan9.

Ez badugu alferrik denbora galdu nahi –ezta inguruneko zailtasunak sasi aitzaki moduan erabiliz ere, kristautasunaren hasieratik inoiz falta izan ez direnak–, gogoan izan behar dugu, Jesu Kristok ohiko moduan barne-bizitzari lotu izan diola besteak erakartzeko egiten dugun lanaren eraginkortasuna. Apostolutza lanaren eraginerako Kristok hau jarri du baldintza gisa: santutasuna; hobeto esana: leial izaten ahalegintzea, ez baikara sekula santu izango lur honetan. Sinestezina dirudi, baina Jainkoak eta gizakiek gure zintzotasun betearen beharra dute, eufemismorik gabe, azken hariraino iristen dena; ez hala-holakoa edo trikimainez betea, kristau deia bete-betean bereganatu eta arretaz bizitzen duena baizik.

Gaiak
Oharrak
9

S. Gregorio Handia, Homiliae in Evangelia, VI, 6 (PL 76, 1098).

Puntu hau beste hizkuntza batean