15
Egiazaletasuna gogo zuzendaritzan
Soberaz ezagutzen dituzue santutasunera eramango zaituzten, etenaldirik gabe eta lasaitasunez, kristau bidearen betebeharrak; ohartuta zaudete ere oztopoen aurka, edo ia guztien aurka behintzat, bidearen hasieratik sumatzen baitira. Orain azpimarratu nahi dizuet utz diezaiozuela gogo zuzendari bati zuen arimei laguntzen, gidatzen, zuen asmo santu guztiak, zuen barne-bizitzari dagokien eguneroko arazoak, baita zuen porrotak eta garaipenak hari azalduz.
Gogo zuzendaritza horretan egiazale izan zaitezte: ez utzi ezertxo esan gabe, ireki zabal-zabal zuen arima, beldurrik eta lotsarik gabe. Kontutan izan bestela nahasi egiten dela berez hain laua eta zabala den bidea, eta hasieran batere ez zena korapilo bihurtzen da eta ito egiten du. Ez pentsa galtzen direnak bat-bateko porrot batek erorarazten dituenik; haietako bakoitza bidearen hasieran okertu zen, edo denbora luze iraun zuen bere arimaz arduratu gabe; haren bertuteak indarrak galtzen joan ziren, grina txarrak hazten zihoazen bitartean, eta horrela era penagarriaz galdu zen... Etxea ez da aurretik sumatu ezin den istripu batez bat-batean erortzen: zimenduetan hutsen bat izango zuen edo etxe hartako bizilagunen utzikeria denbora gehiegi luzatu zen, eta hasierako akats txikiak pixkanaka etxearen zurajearen tinkotasuna jaten joan ziren; eta horrela, ekaitza heldu edo euri erauntsiak areagotu zirenean, ezinbestez suntsitu zen, arduragabekeria aspaldikoa zela erakutsiz20.
Oroitzen al zarete aitortzera joan zen ijitoaren istorioaz? Ipuin bat besterik ez da, istorio dibertigarri bat, aitortzaz ez baita inoiz hitz egiten, eta gainera, nik asko estimatzen ditut ijitoak. Gizajoa! Damututa zegoen benetan: apaiz jauna, kabestru bat lapurtu izanaz aitortzen naiz... –ezer gutxi, ezta?–; eta atzean mando bat zegoen... eta atzean beste kabestru bat...; eta beste mando bat... Eta holaxe, hogei arte. Semeok, berdin gertatzen da gure jokabidean; kabestruari leku ematen badiogu, beste guztia atzetik dator, grina txarren ilara luze bat, doilortu eta lotsatu besterik egiten ez duten miseriak; eta horixe bera gertatzen da elkarbizitzan: muzin txiki batekin hasi, eta elkarri bizkar emanez bizi ohi da, axolagabekeria izozgarrienaren erdian.
Kasiano, Collationes VI, 17 (PL 49, 667-668).
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/15/ (2026-11-07)