299

Kristoren Gizatasun Santua

Nola gainditu eragozpen horiek? Nola lortuko dugu hain astuna iruditzen hasi zaigun gure erabaki hartan geure burua indartzea? Gure Ama Maria guztiz Santuak erakusten digun ereduari begira: ibilbide zabal bat, beti Jesusengandik pasatzen dena.

Jainkoarengana hurbiltzeko, bide zuzena hartu behar dugu: Kristoren Gizatasun guztiz Santua. Horregatik, Jaunaren Nekaldia kontatzen duten liburuak irakurtzea aholkatzen dut beti. Idatzi horiek, benetako jaieraz beteak, Jainkoaren Semea dakarkigute burura, gu bezala Gizon eta egiazko Jainko; Berak maitatzen du eta bere haragian sufritzen du munduaren berrerosketarengatik.

Arretaz begira iezaiozue kristauen artean errotuenetako dagoen debozio bati: Arrosario Santuari. Elizak gertaldiak kontenplatzera bultzatzen gaitu; gure buruan eta irudimenean Maria Santuaren poza, nahigabea eta aintzarekin batera, Jaunaren jarraibide miragarria betiko grabatuta gera dadin: haren hogeita hamar urte ilunetan, predikatzen ibili zen hiru urteetan, Nekaldi iraingarrian eta Berpizte aintzatsuan.

Kristori jarraitu; hortxe dago sekretua. Hain hurbiletik jarraitu, Berarekin bizi gaitezen, lehenengo hamabi haiek bezala; hain hurbiletik, Berarekin bat egin gaitezen. Ez da denbora luze pasako esan arte, graziari oztoporik jartzen ez badiogu, Jesu Kristo Gure Jaunaz jantzi garela12. Jauna gure jardueran islatzen da, ispiluan bezala. Ispilua behar bezalakoa baldin bada, gure Salbatzailearen aurpegi maitagarria itxuraldatu gabe jasoko du, karikaturarik gabe: eta besteek miresteko eta jarraitzeko aukera izango dute.

Oharrak
12

Ik. Erm XIII, 14.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean