313

Bideaz hitz egitea atsegin dut, bidariak garelako, Zeruko etxera goaz, gure Aberrira. Begira, baina, bide batek, zati batzuetan zailtasun berezi batzuk baditu ere, behin edo behin ibaien bat edo baso txiki sarrezin bat zeharkatu behar badugu, gehienetan gauza arrunta da, ustekaberik gabekoa. Arriskua ohikeria izaten da, gauza honetan, une bakoitzeko gauzetan ez dagoela Jainkoa pentsatzea, hain sinplea, hain arrunta baita!

Bi ikasle haiek Emaus alderantz zihoazen. Haien ibilera normala zen, inguru hartan zebiltzan beste hainbestena bezalakoa. Eta han, naturalki, Jesus azaltzen zaie, eta beraiekin egiten du bidea, nekea arintzen duen solasean. Eszena horren irudia datorkit burura, dagoeneko arratsaldea aurreratua zegoela. Haize gozoa dabil. Inguruan, garia hazita alorretan, eta olibondo zaharrak, adarrak argi epelak zilarreztatuak.

Jesus, bidean. Jauna, zein handia zaren beti! Baina benetan hunkitzen nauzu guri jarraitzen beheratzen zarenean, gure bila, gure eguneroko gora eta beheratan. Jauna, emaguzu espirituaren xalotasuna, begirada garbia, buru argia, zure aintzaren kanpoko seinalerik gabe zatozenean zu ezagutzea uzten baitute.

Puntu hau beste hizkuntza batean