314
Ibilbidea herrixkara iristean bukatzen da, eta bi haiek, Gizon egindako Jainkoaren hitz eta maitasunak zaurituta bihotzaren hondoan –konturatu gabe– , pena sentitzen dute alde egiten duenean. Jesusek agurtzen baititu aurrera jarraitzeko keinuaz43. Ez du inor behartzen Gure Jaun honek. Askatasunez deitu diezaiogun nahi izaten du, ariman sartu digun Maitasunaren garbitasuna sumatu dugun unetik. Indarrez geldiarazi behar dugu eta honela eskatu: Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu44, gaua heldu da.
Halakoak gara: ez gara ausartzen, baliteke egiazaletasun ezagatik izatea, edo, agian, lotsagatik. Hondo-hondoan, pentsatzen dugu: gera zaitez gurekin, ariman iluntasunak inguratzen baikaituzte, eta Zu bakarrik zara argi, Zuk bakarrik baretu dezakezu erretzen gaituen irrika hau. Gauza eder eta zuzenen artean, ez baitzaigu ezkutatzen zein den lehenengoa: beti Jainkoaz gozatzea45.
Eta Jesus geratu egiten da. Begiak zabaltzen zaizkigu, Kleofas eta bere lagunarenak bezala, Kristok ogia zatitzen duenean; eta Bera gure bistatik aldentzen bada ere, berriz martxan jartzeko gauza izango gara –ilunabarra da– , besteei Beraz hitz egiteko, halako poza ez baita bular bakarrean kabitzen.
Emausko bidea. Gure Jainkoak gozotasunez bete du izen hau. Eta Emaus mundu osoa da, Jaunak munduko bide jainkotiarrak ireki baititu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/314/ (2026-11-07)