312
Bizitza arrunta
Berriro axola zait esatea ez naizela kristautasuna bizitzeko aparteko modu batez ari. Pentsa dezala gutako bakoitzak Jainkoak bere alde egin duena eta nola erantzun dion. Geure burua aztertzen ausartak bagara, oraindik falta zaigunaz ohartuko gara. Atzo, hunkituta gelditu nintzen entzunez katekumeno japoniar batek ikasbidea erakusten ziela Kristo oraindik ezagutzen ez zuten beste batzuei. Eta lotsatu nintzen. Fede gehiago behar dugu, fede gehiago!: eta fedearekin , kontenplazioa.
Gogora ezazue astiro arima kezkatzen duen Jainkoaren ohar hura, eta aldi berean abaraska eta ezti zaporea dakarkiona: redemi te, et vocavi te nomine tuo: meus es tu40; askatu egin zaitut eta zeure izenez deitu dizut: nirea zara zu! Ez diezaiogun Jainkoari berea dena ostu. Guregatik hiltzeraino maite izan digun Jainkoa, eta betikotasunetik aukeratu gaituena, mundua mundu izan baino lehen, bere aurrean santu izan gaitezen41: eta etengabe garbitzeko eta geure burua emateko aukerak ematen dizkiguna.
Baina zalantzaren bat gelditzen bazaigu oraindik, beste froga bat jasotzen dugu haren ahotik: ez ninduzuen zuek ni aukeratu, nik zintuztedan zuek aukeratu, joan zaitezten eta fruitua eman dezazuen; eta zuen arima kontenplatiboen lan horren fruitua ugaria iraun dezan42.
Beraz, sinesmena. Naturaz gaindiko sinesmena. Sinesmena makaltzen denean, Jainkoa urrun egongo balitz bezala bururatzeko joera izaten du gizakiak, ia bere seme-alabenganako ardurarik ez balu bezala. Erlijioa, gainetik erantsitako zerbait balitz bezala ikusten du, beste erremediorik ez dagoenerako; ulertzen ez den arrazoiz, agerraldi zaratatsuak, gertaera ezohikoak itxaroten ditu. Ariman sinesmena dardarka dagoenean, berriz, kristauaren pausoak ez direla eguneroko giza bizitza arruntetatik aldentzen ikusten da. Eta Jainkoak eskatzen digun santutasun handi hau, hemen eta orain gordetzen dela, eguneroko gauza txikietan.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/312/ (2026-11-07)